Berriak
Musika:Música Jaialdiak Londres eta New York-era begira ospatuko du bere XVIII edizioa
Londres eta New Yorken XIX eta XX. mendeetan konposatutako musika izango da MUSIKA-MÚSICA jaialdiaren XVIII. edizio honetako protagonista. Bilbao 700 Fundazioak Bilboko Udalaren babesarekin eta El Correo, Deia eta El Corte Inglésen laguntzarekin antolatzen duen jaialdia otsailaren 28tik martxoaren 3ra bitartean egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian, eta 1.500dik gora musikarik parte hartuko dute bertan.
London-New York
Aurtengo MUSIKA-MÚSICA 2019 jaialdiaren ardatza izango da Britainia Handian eta Estatu Batuetan egin zen musika duela zenbait hamarkada; historiako une hartan, Britainia Handia eta Estatu Batuak musika kontsumotik musika produkziora igaro ziren, ordura arteko lozorrotik esnatuz beren musa musikalak. Artisten erakarguneak izaki, Londresek eta New Yorkek ondo jakin zuten beren burua berrasmatzen eta, Europako kontinentearen nagusitasun musikalak zokoratuta egon ondoren, entzule papera utzi eta mugarik gabeko sormen-gune distiratsu bihurtzen.
Betidanik herrialde musikazale izandako Britainia Handian Londres izan zen bizitza musikal emankorra sustatu zuen hiri aitzindaria. Kontinenteko konpositore eta interpreteak izan ziren bizitza musikal horretako protagonistak, harik eta musika propio bat bilatzen hasi ziren arte, baina ez, Europako beste toki batzuetan bezala, nortasun nazional bat aldarrikatzeko, baizik eta folklorea iraunarazteko industrializazio eta urbanismo gorakorren aurka. Konpositore britainiarrek iraganera begiratu zuten eta bide berri bati ekin zioten tradizioa goretsiz.
Estatu Batuen bertute handia izan zen Europatik jasotako elementuetatik abiaturik zerbait guztiz berria eta freskoa sortzea, espezifikoki europarra ez zena, entzuteko erraza eta estatubatuarrekin konektatuko zuena. New York pilpiratsua buru zela, eta komunikabideekin bat eginik, lortu zuten elitearen atzaparretatik ateratzea musika klasikoa. Irratia, grabazioak, zinema eta telebista erabiliz, milioika lagunenganaino iritsi ziren eta musika estimatzen ikasteko programa erakargarriak ere egin zituzten.
Baina Londres eta New Yorkek, modernitateranzko bide-irekitzaileak izateaz gain, badute beste ezaugarri komun bat: zuzeneko musikarako pasioa. Hala britainiarrek nola estatubatuarrek biziki atsegin dute kontzertu txiki zein handiekin gozatzea, noiznahi eta edozein estilotan. Eta, zalantzarik gabe, aurtengo London-New York MUSIKA-MÚSICA jaialdiak emango digu horretarako aukera.
Nobedadeak
Aurten lehenengoz izango ditugu MUSIKA-MÚSICA jaialdian BBC Philharmonic Orkestra, Camera Musicae Orkestra, Camara Orpheus Orkestra, Carducci Laukotea, Britten Sinfonia, Berlingo Filarmonikako Athenäum Laukotea, Rubik Ensemble eta, besteak beste, zango-biolaz osatutako Fretwork seikotea. Orobat egongo da Les Dissonances, parte hartu duena jaialdiaren beste edizio batzuetan, baina aurten formatu berri bat dakarrena, formatu sinfonikoa, alegia.
Baita ere “debutatuko dute” MUSIKA-MÚSICA jaialdian Nikita Boriso-Glebsky-k (biolina), Solenne Païdassi-k (biolina), Dana Zemtsov-ek (biola), David Cohen-ek (txeloa), Uxía Martínez Botanak (kontrabaxua) eta Andreas Hering-ek (pianoa).
Kontzertuak eta askoz gehiago…
MUSIKA-MÚSICA jaialdiaren helburua da musika klasikoa hedatu eta sustatzea, horretarako programatuz kontzertu-sorta zabal bat eta jarduera paralelo ugari, bertako zein nazioarteko artista ezagunen parte-hartzearekin. Musika klasikoaren maratoi bat, ordubetez goiti luzatzen ez diren eta prezio onean (5€ -12 €) entzun daitezkeen emanaldiekin osatua. MUSIKA-MÚSICA nazioartean erreferentziazkoa bihurtuta dagoen kultur hitzordu bat da, espiritu pedagogiko-dibulgatiboz jantzia.
Kontserbatorioen presentzia da espiritu horren erakusgarri. Bertako musika eskola eta kontserbatorioek parte hartuko dute jaialdian:
“Juan Crisóstomo de Arriaga” Musika Kontserbatorioa, “Leioa Big Band”, Leioako Udal Musika Eskola eta Kontserbatorioa; “Leioa Perkusio Taldea”, Leioako Udal Musika Eskola eta Kontserbatorioa; LMHZ/CEPM Bilboko Koral Elkartea; “Francisco Escudero” Musika Kontserbatorio Profesionala (Donostia); Iruñeako Gazte Orkestra; “Jesús Guridi” Kontserbatorioa (Vitoria-Gasteiz); BilbaoMusika Eskola; ARTEBI, Bilboko Musika, Arte Eszenikoen eta Ikuskorren Eskola; Barakaldoko Maila Profesionaleko Udal Musika Kontserbatorioa eta Behotsik Orkestra. Bestalde, Estatutik datoz: “BerKlarinets”, Teresa Berganza Musika Kontserbatorio Profesionala (Madril); San Lorenzo de El Escorialeko “Padre Antonio Soler” Musikako Zentro Integratua (Madril); Pontevedrako “Manuel Quiroga” Musika Kontserbatorio Profesionala; Calahorrako Musika Kontserbatorioa; Santanderko “Jesús de Monasterio” Kontserbatorioa; Avilesko “Julián Orbón” Udal Kontserbatorio Profesionala; Santanderko “Ataúlfo Argenta” Kontserbatorio Profesionala; Avilako “Tomás Luis de Victoria” Kontserbatorio Profesionala; Errioxako Musika Kontserbatorio Profesionala (Logroño); Salamancako Musika Kontserbatorio Profesionala; Torrelavegako Musika Kontserbatorio Profesionala; Asturias Printzerriko “Eduardo Martínez Torner” Goi Mailako Musika Kontserbatorioa (Oviedo); Madrilgo “Victoria de los Ángeles” Kontserbatorio Profesionala eta Granadako Orkestra Sinfoniko Gaztea.
Auzoz-Auzo
Aurreko edizioetan bezala, 2019an ere, Auzoz-Auzo egitarauaz gozatuko dugu hainbat txokotan MUSIKA-MÚSICA jaialdiaren atari gisa. Otsailaren 12an (20:00etan), Auzoz-Auzo egitarauko lehenengo ekintza eskainiko da, “Gershwin eta musika iparamerikarra” izenburupean eta IMPROMPTUren eskutik. Basurtuko Barrutiko Udal Zentroko Ekitaldi Aretoan izango da. Otsailaren 14an (19:30ean), Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldien Aretoan (Bidebarrieta, 4), ‘Musika-Músicaz hizketan-Hablando de Musika-Música’ topaketa egingo da Musbika Ensemble-n zuzeneko musikarekin. Holst eta Gershwin-en obrak interpretatuko dituzte eta, Mercedes Albainarekin batera, edizio honetako eduki musikalak helaraziko dizkiote publikoari. Ekitaldi hori biharamunean ere eskainiko da, otsailaren 15ean (19:30ean), Miguel de Unamuno Institutuko Auditorioan (Poza Lizentziatua, 1).
Otsailaren 16 eta 17an (18:00etan), Iyoko Ensemble-k Barakaldoko Munoa Jauregiko bisita gidatuak girotuko ditu eta otsailaren 19an (17:30ean), ‘Melodia sentigarriak-Melodías para sentir’ kontzertua entzun ahal izango dugu Gazteluondo Egoitzan Euskadi Brass-en eskutik.
Lehenengo kontzertua, otsailak 28
Otsailaren 28an (20:00etan) izango da lehenengo kontzertua. BOSek, Bilboko Koralak eta Olga Kern piano-joleak Gershwin, Walton eta Elgar-en obrak interpretatuko dituzte Stefan Asbury zuzendariaren batutapean. Kontzertu paregabe horren ostean abiaraziko da “Bilboko musika klasikoaren jai handia”.
Jaialdiaren adin-nagusitasuna
Jaialdia aurkezteko prentsaurrekoan, hauxe azpimarratu du Juan Mari Aburto Bilboko alkate eta Bilbao 700 Fundazioaren Patronatuko presidenteak: jaialdiaren “adin-nagusitasunak” argi erakusten du MUSIKA-MÚSICAk sustrai sendoak bota dituela Bilbon kultur eta hiri ekimen gisa, eta komunitatearen balio bezala ulertutako kultura gisa”.
Bestalde, Bilbao 700 Fundazioaren zuzendari Miren Josune Ariztondok hauxe esan du: “ardatz harturik LONDON eta NEW YORK hiriak, MUSIKA-MUSIKA 2019 jaialdiak zuzenean eskainiko ditu bi hiri horietan sortu eta garatu diren musikak. Eskaintza ugaria izango da, eta hainbat formatutan emana”.
Musika eta askoz gehiago…
Hitzaldia:
- Martxoaren 1ean, 18:00etan, B Terraza aretoan: “Granados Amerikan, Amerika Granadosengan” Faustino Núñez musikologoak emana.
Mahai-inguruak:
- Martxoaren 2an, 12:00etan, Euskalduna Jauregiko B Terraza aretoan, “Nola ikusten gaituzten”. Parte-hartzaileak: Pilar García, Ciudad de Granada Orkestrako koordinatzailea; Javier Jaén, diseinatzaile grafikoa eta aurtengo programako kartelaren egilea; Pablo Sánchez Quinteiro, melomanoa eta musika kritikaria; eta Borja Pujol moderatzailea.
- Martxoaren 3an, 18:00etan, Euskalduna Jauregiko B Terraza aretoan, “Zinemako musika”. Parte-hartzaileak: Aránzazu Calleja, ikus-entzunezkoetarako musika konposatzailea; Ernesto del Río, zuzendaria, gidoilaria eta ekoizlea, eta Faustino Núñez, moderatzailea.
Topaketak artistekin:
- Martxoaren 2an, arratsaldeko 18:00etan, Euskalduna Jauregiko B Terraza aretoan: Rubik Ensemble taldeko musikari-interprete zenbaitek mahai-inguru ireki bat egingo dute, Mercedes Albainak aurkeztua.
- Martxoaren 3an, 12:00etan, Euskalduna Jauregiko B Terraza aretoan: Camera Musicae Orkestra Sinfonikoko artistek parte hartuko dute. Mercedes Albainak aurkeztuko du ekitaldia.
Arteen besarkada
Euskalduna Jauregiko Barria aretoa izango da arteen topagunea, non, Patricia Sojo eta César Cocaren eskutik, elkarrekin batuko baitira zinema, literatura eta musika, ‘Pantaila handiko musikaren maisu handiak’ izenburupean. Bestalde, Mónica Rodríguez Curielek “Ezetz igarri!” tailerrak eskainiko ditu 5-9 urte bitarteko haurrentzat. Familia osoarentzako saio bat ere egongo da Euskadi Brass-ekin eta Alberto Urretxorekin, zeinak “London-New York bidaia” kontatuko baitigu. Bestalde, Barria aretoak Las Divinas-en “Piano Tour!” kontzertu-ikuskizuna ostatuko du. Eta baita ere jakingo dugu zer gertatzen den “Gershwin, Holst eta Elgar zinemara joateko geratzen direnean”.
Sarreren Salmenta
Otsailaren 12tik aurrera, MUSIKA-MÚSICA 2019 jaialdirako sarrerak salgai egongo dira:
- Bilbao 700-III Millenium Fundazioan, otsailaren 12tik 28ra. Astelehenetik ostiralera (10:30-13:30 eta 14:30-18:30).
- Euskalduna Jauregiko leihatiletan, otsailaren 12tik aurrera, astelehenetik larunbatera, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. www.euskalduna.eus
- Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan (otsailaren 12tik aurrera) www.ticket.kutxabank.es
- Taldeentzako sarrerak (Kontzertu bererako 12 sarrera baino gehiago hartzeko eta gutxienez 50 sarrera erosteko) 944035180 telefonoan edo groups@euskalduna.eus helbidean, otsailaren 12tik 28ra (astelehenetik ostiralera, 12:00-14:00/17:00-20:00).
Prezioak:
- Auditorioa: 12€. Eserleku zenbakituak.
- A1 aretoa: 10€ Eserleku zenbakituak.
- A3 aretoa: 6€
- A4 aretoa: 6€
- BARRIA ARETOA. 5€
- B TERRAZA ARETOA: Mahai-ingurua, hitzaldia eta topaketak artistekin. Sarrera librea, jaialdirako sarrera bat erosi bada.