1. Musika Música: zer eta nola.

Musika Música jaialdiaren formatu eta eduki bereziak dira bere arrakastaren gakoa. Gure jaialdiaren antolaketa- eta arte-parametroak (ikasteko gogotsu dauden zaleak, ohikoak baino laburragoak diren kontzertuen maratoia, espazio ugaritasuna, interprete aniztasuna, 17 ediziotako barne-historia…) erabakigarriak dira edizio bakoitza ebaluatzeko eta erabakitzeko zeintzuk izango diren hurrengorako gaiak, konpositoreak, lanak eta interpreteak.

2. Musika Música. HIRIAK.

Gaur egun munduko biztanleriaren erdia baino gehiago hirietan bizi da. Atzean utzirik antzinako Greziako polisak, XX. mendean hasi ziren sortzen hiri modernoak biztanleria dentsitate handiko espazio urbano bezala, merkataritza-, industria- eta zerbitzu-beharrak asetzeko.

XXI. mendeko hiriak gaindituz joan dira hasierako profil hori eta komunitate zentzu errealagoa bereganatu dute, beren burua berrasmatuz beren muga geografiko markatu baina gero eta lausoagoez harago.

Hirien garrantzi gero eta handiagoarekin eta buruzkatu behar dituzten erronkekin lotuta dago “hirirako eskubidea” kontzeptua,  Henri Lefevrek 70eko hamarkadan sortu zuena adierazteko hirien topagune izaera berreskuratu beharra dagoela bertan bizitza kolektiboa eraikitzeko.

Hiria kultur komunitate bezala ulertzea, alegia.  XXI. mendeko hiriak –dio egileak– gero eta gehiago izango dira erronka soziologiko handien eszenatoki. Eta beren konponbideenak ere bai. Testuinguru horretan hartzen du bere zentzu betea Bernardo Atxagaren Euskal-Hiria kontzeptuak.

XXI. mendeko hiriak era guztietako kultur adierazpenen erakusleihoak dira, dinamika propioko komunitate gisa ikusten dute beren burua eta prest daude loturak sortzeko beste hiri batzuekin, nola frogatzen duten hirien elkargune izateko sortu diren antolakunde globalek zein eskualdekoek. XXI. mendea hirien mendea da, dudarik gabe.

3. Musika Música 2019. Londres eta New York

Aurtengo edizioan bi hiri handiren dinamika kultural eta musikal sendoari eskainiko diogu gure arreta: Londres eta New York. Behako horrek zentzu osoa hartzen du bere baitan hartzen dituelako Londresen edo New Yorken musikalki “sortu” edo “bizi” izan ziren konpositoreak, bai eta hiri horietako historia musikala eta artearekin edo musikarekin lotutako gertakari guztiak. Ikuspegi horixe aukeratu dugu MM 2019 jaialdirako.

Britainia Handiak, eta Londresek zehazkiago, ekarpen handiak egin dizkie Europako musika mugimenduei: Londresen hezitako konpositoreak XVIII. mendeko Europako tradizio klasikoen oinordekoak dira neurri batean, eta XIX. mendean nabarmen hedatu ondoren modu oso desberdinetan eboluzionatu dute XX. mendera iritsi arte.

Bestalde, New York da hirietako hiria, globalizazioaren paradigma, horrek berekin dakarren identitate disoluzio edota integrazio guztiarekin. New York aukeratu badugu ez da izan musika munduan hamarkada batzuetan izan duen nagusitasunarengatik, baizik eta gaur egungo munduan gertatzen ari diren errotiko aldaketa sozio-kulturalen metafora eta ikurra delako.

MUSIKA MÚSICA 2019. ERREFERENTZIA KONPOSITOREAK

LONDRES EREMUA:

  •  RTHUR SULLIVAN (Londres, 1842- Londres, 1900)
  •  EDWARD ELGAR (Broadheath, 1857- Worcester, 1934)
  •  GUSTAV HOLST (Cheltenham, 1874- Londres, 1934)
  •  RALPH VAUGHAN WILLIAMS (1872-1958)
  •  BENJAMIN BRITTEN (Lowestoft, 1913- Aldeburgh, 1976)

NEW YORK EREMUA:

  •  EDGAR VARÈSE (Paris, 1883-NY, 1965)
  •  GEORGE GERSHWIN (Brooklynn-NY, 1898- Beverly Hills, 1937)
  •  KURT WEILL (Dessau, 1900- New York, 1950)
  •  AARON COPLAND (Brooklynn-NY, 1900- NY, 1990)
  •  SAMUEL BARBER (Pennsylvania, 1910- NY, 1981)
  •  LEONARD BERNSTEIN (Massachusetts, 1918- NY, 1990)