Berriak
Bilbao 700 Fundazioak ‘Casilda Iturrizar Urquijo. Viuda de Epalza (1818-1900). Una Biografía’ liburua argitaratu du, Bilbogileak-Memoria de Bilbao bildumaren barruan
Casilda Iturrizar Urquijo. Viuda de Epalza (1818-1900). Una biografía’ liburua ongile eta filantropo bizkaitarraren bizitzaren kontakizuna da, Bilbao 700 Fundazioak Bilbogileak-Memoria de Bilbao bilduman atera duena.
Casilda de Iturrizar Urquijo (1818-1900) emakume nabarmena izan zen. Hura gogoratzen duten Bilboko leku biak, Epaltzaren alargunaren kalea eta Casilda Iturrizar parkea, horren erakusgarri dira.
Jatorri xumekoa zen eta gizartean gora egitea lortu zuen; horren ondorioz, bere ingurukoen bizimodua hobetzeko kezka izan zuen. Hori dela-eta, eta bere negozioen ardura ahaztu barik, ondasunak gorde eta areagotu zituen. Gero, ondasun horiek behartsuenei edo behartsuen erakundeei utzi zizkien.
Jatorri apalean sortuta, Tomás José de Epalza senarrak utzitako ondasun handia kudeatu zuen XIX. mendearen azken laurdenean eta uriko elite sozial eta ekonomikoan jarri zen. Hil zenean, 1900eko zazpi milioi pezetatik gora utzi zituen testamentuan. Diru hori, sarritan, ongintzako lanetan erabili zen, batez ere gizonezkoen eta emakumezkoen prestakuntza eta aukerak hobetzeko. Helburua ez zen limosna ematea, ezpada ze baliabideak eskaintzea bere inguruan berea bezalako zorterik ez zeukaten pertsonen hazkunde pertsonalerako.
Casilda Iturrizar bere sasoiko emakumea izan zen, oso fededuna, antzerkizalea eta zezenzalea, baina bere ondasuna behartsuenen alde kudeatzeko ardura zeukan.
Testamentuan, onuradunen artean daude Bizkaiko Ume Abandonatuen Etxea, Erruki Etxea, neska umezurtzentzako ezkonsariak, Ospitale Zibila, Mariaren Bihotzaren misiolariak, elizako ikasketak eta ikasketa zibilak egiteko bekak, neska umezurtzak…
Liburuaren aurkezpenean izan dira Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea, Miren Josune Ariztondo Bilbao 700 Fundazioko zuzendaria eta liburuaren egilea, Eduardo J. Alonso Olea.
Bilboko Alkateak nabarmendu du Casilda Iturrizar andreak: “ahalegin handia egin zuen bere ondasunak ongintzarekin lotutako erakundeei, elizari edo beste erakunde batzuei uzteko, beti ere helburu sozialetan erabiltzeko konpromisoa bazeukaten. Diru hori jasoko zuten pertsonen etorkizuna hobetzen saiatu zen beti”.
Beste alde batetik, Miren Josune Ariztondo Bilbao 700 Fundazioko zuzendariak Casilda Iturrizar andrearen figurak irakaskuntzan izan duen garrantzia azpimarratu du. “Bere ekarpena, beste askoren artean, baina adibide bat jartzeko, ezinbestekoa izan zen hezkuntzaren arloan eta gaur egun, zenbait mende geroago, Epaltzaren alargunaren bekak eta Castaños auzoan bere izena daraman ikastetxe publikoa hor daude”.
BiILBOGILEAK-MEMORIA DE BILBAO BILDUMA
Sail horren xedea historian itzala utzi zuten gizon eta emakumeen nortasuna eta lana gogora ekartzea da. Iragana zorroztasun historikoaz baina modu atsegin eta erakargarrian landu nahi dute liburu-sail horretan, irakurlearentzat liburua abentura pertsonala izanik. Ideologia guztietako pertsonaiak azaltzen dira Bilbogileak-Memoria de Bilbao bildumako orrialdeetan; ikuspegi zabal eta integratzailearekin; artearen, politikaren, zientziaren edo kulturaren mundukoak; bihar-etziko belaunaldietarako eredu eta erreferente etikoak izan direnak.
ARGAZKI GALERIA