Ekitaldia

Gau Zuria 2013 Ekainaren 15ean

 

Aurkezpena

Bilbao 700-III Millenium Fundazioak, Bilboko Udalaren babesletzarekin, urteroko hitzordu honen bidez hiriaren beraren azpiegitura eta zentro kulturalei garrantzia eman nahi zaie, ohiko programatik aldenduz; ludiko eta kolektiboagoa, helmen eta publiko anitzekoa.

Espazio bakoitzari “bizia emateko” arduradunak arlo desberdinetako profesional entzutetsuak dira: literatura, musika edo antzerkikoak. Hiriko konpainia eta taldeek garrantzia berezia dute programan, izan ere, hiriko ondarearen sare kultural eta artistikoaren parte eta ordezkari dira.

Doan sar daiteke espazio guztietara, aforoa delarik muga bakarra.

Egitaraua / Ordutegia


Ver Bilboko Gau Zuria 2013 en un mapa más grande

JARDUERAK
20:30etik aurrera hasten da Gau Zuria

1 · PETER PAN
Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa · Ramón de la Sota kaia, 1
Dohaineko bisitaldia Museora (20:30etik 02:00etara)
Emanaldiak: 20:30etik 23:15etara
Bergarako Musika Eskolak ekoitzitako Peter Pan musikalaren egokitzapen elebidunaren “pildorak”.

2 · SUSTRAIETATIK
Deustuko Unibertsitatea · Unibertsitateen etorbidea, 24
Txalap.art-en proposamena. Tradizioa ikuspegi garaikidetik aurkeztua.
20:30ean eta 23:00etan – Angel Unzu 
21:00etan eta 23:30ean – Kalakan 
21:30ean eta 00:00etan – Germán Díaz – El Método Cardiofónico 
22:00etan eta 00:30ean – Errimak Oinetan – Haatik Dantza Konpainia 
22:30ean eta 01:00etan – Igelaren Banda

3 · FRANCISCO DURRIO (1868-1940)
Gauguinen lorratzen atzetikn
Bilboko Arte Ederren Museoan · Museoaren Plaza 2
Ordutegia: 20:30etik 02:00etara
Dohaineko bisitaldia: Museoaren bilduma iraunkorra eta “Francisco Durrio (1868-1940) – Gauguinen lorratzen atzetik” izeneko aldi baterako erakusketa.

4 · BILBAO KANTUZ ETA DOINUZ 
Santiago katedrala (Elizpean) · Santiago Plaza, 1
20:30ean: Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoa (Amagoia Loroño, zuzendaria)
22:00etan: Kontserbatorioko Abesbatza (José Luis Ormazabal, zuzendaria) eta Bilboko Koral Elkartearen Euskeria Abesbatza (Urko Sangroniz, zuzendaria)
23:30ean: Iralabarriko San Antonioko Abesbatza (Maite Zugazaga, zuzendaria)

5 · ESTÍO 
Shakespeareren Sonetoak Manuel de Blasek errezitatuak
Euskal Museoa · Miguel de Unamuno plaza, 4
Dohaineko bisitaldia Museora (20:30etik 02:00etara)
Emanaldiak: 20:30, 21:45, 23:00 eta 00:00etan
Sonetoen aukeraketa eta dramaturgia, Manuel de Benito. Argiztapen barrokoa, Antiqua Escena

6 · CHANSON DE GUERRE
Guggenheim Bilbao Museoa · Abandoibarra etorbidea, 2
Dohaineko bisitaldia Museora (22:00etatik 02:00etara)
22:00etan eta 00:15etan: Les Artysants: Philippe Bot, laguntzaile duela Eirik Zahl gitarra-jolea
22:45etan eta 00:45etan: Au Vrai Chic Parisien: Annick Hémon, laguntzaile duela Patrick Fournier soinularia
23:30ean eta 01:15etan: Michel Hermon, laguntzaile duela Christophe Brillaud piano-jolea

ARGIZTAPENAK
22:30etik aurrera Bilbo argituko dugu (02:00etan)

7 · ALONDEGIAREN EGUZKIA
Bilboko Alondegia · Arrikibar plaza, 4
Vídeo Mapping (nueveojos-ek egina)

8 · FRANCISCO DURRIO ETA PAUL GAUGUIN ELKARREKIN SOLASEAN
Arte Ederretako Museoa · Museoko plaza, 2
20:30etik aurrera
Argi eta soinuen instalazioa
Instalazio honek ahotsa eta aurpegia jarriko die zuhaitzei.

9 · CRAI ERAIKINA ARGITUTA
CRAI eraikina · Ramón Rubial kalea, 1
Gau Zurian CRAI eraikina kolorez jantziko da.

10 · FORU ALDUNDIA ARGITUTA
Bizkaiko Foru Aldundia · On Diego Lopez Haroko Kale Nagusia, 25
Argiztapenaren arduraduna, Patrice Warrener

11 · GAU ARETOA
Concordia plaza (Isozaki dorreak) 
Giroa luxu sotilez betetzen da eta ematen du dena dantzan ari dela Vienako vals baten doinura

12 · TÉRMINUS ERAIKINA ARGITUTA
Términus eraikina · Plaza biribila
Argiztapenaren arduraduna, Patrice Warrener

13 · BILBO BERRIA
Arriaga Antzokia · Arriaga plaza, 1
Vídeo Mapping (TBAk egina)

14 · KEYFRAMES: ACROBATIC BATTLE
Bilboko Udaletxea · Ernesto Erkoreka plaza, 1
Instalazio plastiko honetan, argiztapen programatutako sekuentzien bitartez argizko pertsonaia batzuek euskal herri-kirolen indar eta iraunkortasunean oinarritutako istorio bat kontatuko dute.

KALE ANIMAZIOAK
Kale animazioko hainbat talde arituko dira gau osoan Bilbo erdialdeko kaleetan barrena (Kale Nagusian eta Alde Zaharrean)

15a · BRINCADEIRA
20:30, 22:00 eta 23:00etan (Alde Zaharrean) – 00:30ean (Kale Nagusian)
Animazio sofistikatu eta ikusgarri baterako berrikuntza erritmiko eta koreografikoa.

15b · BANDARRA STREET ORKESTRA
21:00etan (Alde Zaharrean) – 22:30ean (Kale Nagusian)
00:00 eta 01:30ean (Alde Zaharrean)
Ikuskizun ibiltari dinamiko eta polibalente honetan elkarrekin nahasten dira doinu herrikoiak, umorea, koreografiak eta erritmo bizi-bizia.

15c · BRODAS BROS “ARGIZKO ERROBOTAK”
22:30 eta 23:30ean (Alde Zaharrean)
Brodas Bros hip-hop dantza konpainiak aurkeztutako kale koreografia honetan argi-errobot batzuk arituko dira dantzan DJ batek zuzenean nahastuko duen musikaren doinura.

Protagonistak

JARDUERAK: 20:30etik aurrera hasten da Gau Zuria

1 · Peter Pan

Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa · Ramón de la Sota kaia, 1

Peter Pan

Dohaineko bisitaldia Museora (20:30etik 02:00etara)
Emanaldiak: 20:30etik 23:15etara
Peter Pan musikalaren moldaketa bertsio elebidunean, Bergarako Musika Eskolak ekoitzia eta Itsas Museoan eszenaratzeko beraizik egokitua.

Ikuskizunaren gaia, eszenografia eta pertsonaia motak kontuan hartuta (piratak, sirenak, itsasontziak, mastak), publiko familiarrarentzako obra bat da, antzerki-musikalaren formatua duena. 80 aktorek, gehienak haurrak, musikal bat aurkeztuko digute “pildora” txikitan.

Jatorrizko obra: James M. Barrie (1860-1937)

Libretoa, musika eta kantuak: Piers Chater Robinson
Euskarazko moldaketa: Valen Moñux
Musika zuzendaria: Xabi Torres
Eszena zuzendaria: Valen Moñux
Produkzioa: Bergarako Musika Eskola

2 · Sustraietatik

Deustuko Unibertsitatea · Unibertsitateen etorbidea, 24

Txalap.art-en proposamena
Tradizioa ikuspegi garaikidetik aurkeztua.

Unzu, Kalakan, Gerardo

ANGEL UNZU – 20:30ean eta 23:00etan

Iruñean jaiotako interprete, konposatzaile, produktore eta moldatzailea. Estudioko musikari bezala ehun bat disko grabatu ditu hainbat artistarekin eta, interpretazio hutsera mugatu beharrean, moldaketa eta produkzio lanetan ere jardun du azken urteotan.

Gitarra-jole klasikoa izan zen hasieran, Ganbara folk talde berrituaren fundatzaileetako bat era bai 80ko hamarkadan, eta horrek guztiak denborarekin umotuz joan den estilo pertsonal eta berritzailea eman dio. Tinbre eta kolore desberdinak lortzen ditu soinua ekoizten duten eguneroko tresnak erabiliz: haizegailu bat, papera, ping-pong pilotak, pintzelak, arkatz bat, irrati bat, perkusio instrumentuak, biolinaren arkua… eta bere helburu bakarra da musikaren protagonismoa apaindu eta aberastea. Bakarka atera dituen hiru diskoek (13 Solos, Melodías de Piel eta Tiempo de búsqueda) eta oraindik estreinatzeko dauzkan pieza berriek osatzen dute kontzertu honetako egitaraua. Jazz estilotik hurbil dagoen musika, edo baita ere folketik, baina betiere gitarra-jole klasiko baten eran interpretatua. Konposaketa delikatuak, intimoak, goxoak eta batzuetan mingotsak aurkituko ditugu bere interpretazio gaitasunen neurrira sortutako errepertorio honetan.

www.angelunzu.com

KALAKAN – 21:00etan eta 23:30ean

Kalakan hirukotean hiru euskal artista, abeslari eta perkusio-jole bildu dira: Thierry Biscary, Xan Errotabehere eta Jamixel Bereau. Kantuak eta perkusioa dira emozioak etengabe bilatzen dituen obra minimalista honen oinarria. Iparraldeko hiru musikari horiek ezagun egin dira mundu osoan Madonnarekin eginiko biraren ondoren, eta orain euskal errepertorio tradizionala berriro deskubritzera datoz beren ahotsen eta danborren indarrarekin, txalapartaren magiarekin eta txirularen sotiltasunarekin.

Kalakan taldeak modu sinple bezain bitxian esploratzen du sustraietatik gaur eguneraino hedatzen den euskal errepertorio tradizionala. Danborrak, txalaparta, tobera, intxaur oskolak, ahotsak, txirulak, alboka diskretu bat…

www.kalakan.fr

GERMÁN DÍAZ – 21:30ean eta 00:00etan – El Método Cardiofónico

Bihotz taupadak biniloan, instrumentu mekanikoak eta zarrabetea. Germán Díazen musika ikuskizuna bihotz taupaden erritmoetan oinarritzen da; bihotz taupada batzuk, Iriarte doktoreak berrogeiko hamarkadangrabatu zituenak eta biniloan editatu zirenak Método Cardiofónico izenburupean.

Taupada horiek oinarritzat harturik, soinuzko unibertso paregabe bat sortzen du erabiltzen dituen instrumentuekin, zeintzuek Díazek kartoi zulatuetan idazten dituen melodiak irakurtzen baitituzte. Playasax-ak, rolmonika kromatikoak, barbariako organoak eta musika kutxak bat egingo dute zarrabetearen biraderarekin eta zuzenean grabatutako loop zikloekin, eta elkarrekin ibiliko dute inprobisazioaren eta kartoi zulatu zurrunen bidea.

www.germandiaz.net

haatik-igela

HAATIK DANTZA KONPAINIA – 22:00etan eta 00:30ean – Errimak Oinetan

Oholtza gainean dantza eta bertsoen mundua uztartzen dituen ikuskizuna. Bertsolariek publikoaren
sentipenak eta emozioak atzematen dituzte. Baina zer gertatuko litzateke entzuleak dantzariak balira? Nola adieraziko lukete belarriaren bidez jasotako emozio errimatu hori oin puntekin egindako dantzen bitartez?

Errimak Oinetan da galdera horren erantzuna. ‘Errimak Oinetan’ bertsolaritzan oinarritutako dantza
ikuskizuna da. Oholtza gainean dantzariek bertsoen errima eta metrikari eta beren begirada eta logikari jarraiki dantzatuko dute. Oholtza gainean bost aulki eta off-eko ahots bat gai-jartzaile. Bertso saio bat da belarrientzat, dantza ikuskizun bat begientzat.

www.errimakoinetan.com

IGELAREN BANDA – 22:30ean eta 01:00etan

Igelaren banda talde instrumentala 1999an sortu zen aspaldiko desio oso sinple bat betetzeko: euskal kantu tradizionaletatik abiatuta, musika libreago bat egitea inprobisazioa erabiliz, garapenak eta harmoniak aldatuz eta ohikoak ez diren bideak erabiliz aipatu kantu horiek interpretatzeko. 2011n taldekideak aldatu egin ziren: Hasier Oleaga, bateria, Amaiur Cajaravile, kontrabaxua eta Bixente Martinez, gitarra.

Igelaren Banda berriak aurrekoaren urratsak jarraitu nahi izan zituen eta, beraz, musika tradizionala, kantu edo dantza zaharrak hartzen dituzte oinarritzat bertsio instrumental berriak sortzeko, moldaketa eta harmonizazio berriak eginez eta inprobisazioari garrantzi handia emanaz. Kantuetan oro har ahotsa izaten da istorioa kontatzen duena, Igelaren Bandak ordea instrumentuak erabiltzen ditu horretarako. Lehenik eta behin, kantuak aurkezten dituzte, argituz non aurkitu dituzten melodiak eta zer dioten jatorrizko testuek eta beste detaile interesgarri batzuk ere azaltzen dituzte.

www.myspace.com/igelarenbanda

3 · Francisco Durrio (1868-1940) – Gauguinen lorratzen atzetik

Bilboko Arte Ederren Museoa · Museoaren plaza, 2
Ordutegia: 20:30etik 02:00etara

Dohaineko bisitaldia: Museoaren bilduma iraunkorra eta “Francisco Durrio (1868-1940) – Gauguinen lorratzen atzetik” izeneko aldi baterako erakusketa.

Durrio

Publikoak, oro har, larregi ezagutzen ez badu ere, Francisco Durrio (Valladolid, 1868–Paris, 1940) funtsezko pertsonaia izan zen XX. mendearen lehen erdiko artean, bai bere obraren originaltasunagatik (eskultura, urregintza eta zeramika) zein mende amaierako Parisko berrikuntza artistikoak hedatzen egin zuen lanagatik; hain zuzen ere, euskal margolariek (Ignacio Zuloaga, Francisco Iturrino, Juan de Echevarría…) eta margolari katalanek (Ramón Casas, Hermen Anglada-Camarasa, Manolo Hugué…) osatzen zuten kolonia handiaren barruan egin zuen zabalkunde-lan hori, batez ere. 1889an Parisen zegoen arren, beti izan zuen lotura handia Bilborekin, bere adopzio-herria zelako eta erakusketa asko egin zituelako bertan.

Javier González de Durana erakusketaren komisarioak, lehen aldiz, Durrioren obra katalogatu ia osoa bildu du (ehun bat pieza), bere adiskideak ziren artisten artelan ugarirekin batera. Helburua da Durriori interesatu zitzaizkion gaiak, materialak eta teknika artistikoak jorratzea, baina baita Parisen izan zituen harremanak aztertzea ere, bertan bizi izan baitzen 1940an hil zen arte. Guztira, berrehun pieza inguru daude ikusgai – olioak, eskulturak, zeramikak, akuarelak, grabatuak, urregintza, dokumentuak eta garai hartako argazkiak–; aipatutako obren artean, Durrioren lagunen 72 artelan daude, eta, batez ere, denetan esanguratsuena izan zen Paul Gauguinen lanak (bi olio, paperean egindako 18 artelan, lau zeramika eta egurrezko eskultura bat).

4 · Bilbo Kantuz eta Doinuz

Santiago katedrala (Elizpean) · Santiago Plaza, 1

BILBOKO AKORDEOI ORKESTRA SINFONIKOA -20:30ean

Amagoia Loroño, zuzendaria

Programa
El Caserío (2. ekitaldiaren preludioa) # J. Guridi
Black, el payaso (Atsedenaldi musikala) # P. Sorozabal
Ensalada Madrileña (“Don Manolito” zartzuelakoa) # P. Sorozabal
Capricho Catalán # I. Albéniz
Tango # I. Albéniz
La Revoltosa (Preludioa) # R. Chapí
Agua, Azucarillos y Aguardiente (Preludioa) # F. Chueca
El Bateo (Preludioa) # F. Chueca
Los Nardos (“Las Leandras” zartzuelakoa)”) # F. Alonso
La Calesera (Kalejira) # F. Alonso

Orkestra hain berezi hau entzutea eta bere interpretazio guztietan sentiarazten dizkiguten emozioekin gozatzea, biak dira bat. Bere eszenaratzea, bere sonoritate harrigarria, publikoaren aurrean zurrustan isurtzen duten indar eta pasioa dira talde honen nortasun agiri bereizgarriena.

Orkestra honen errepertorio zabal eta aberatseko moldaketen kalitatea eta originaltasuna da bere ezaugarri ohargarriena. Era guztietako estiloak biltzen ditu beren errepertorioan eta badakite jendearen gustuko egitarauak prestatzen betiko musika handia joaz.

Taulatuetan dagoeneko 45 urte bete dituen orkestra hau erreferentzia ukaezina bihurtuta dago bere musika estiloan, gure hiriaren lehen mailako ondare artistikoa da, eta enbaxadore bikaina mundu osoan barrena zabaltzeko hain geurea dugun Bilbokoak izatearen harrotasun hori. Talde honek musika munduan egin duen ibilbide luze eta aberatsak fruitu ederrik ekarri du: publikoaren maitasuna eta eskerrona, batetik, ezin konta ahala sari eta ezagutza, bestetik, eta orkestraren ibilbide artistikoaren eskerronez 2005. urtean Iñaki Azkuna Bilboko alkateak taldeari emandako “Bilboko leinargiak” titulua. Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoa esaten duenak ahotik ezin utzizko plazera esaten du, eta baita ere amodio mugagabea musikari nola Bilbori.

BILBOKO KORAL ELKARTEAREN KONTSERBATORIOKO ABESBATZA – 22:00etan

José Luis Ormazábal, zuzendaria
Maialen Ortego – Sonia Delgado, biolina
Telmo Briones, biolontxeloa
Andrea Peña, Klarinetea
Anus Cividian – Sofía Maura – Begoña García, pianoa

Egitaraua
Siyahamba # Katu Afrikarra
Manx lullaby # Manx folk song – Arr.: Emma López – Manuel Gallego
Munduari begiratzeko # Xabier Sarasola
No man is an island # J. Baez – Arr.: Pölänen – Ormazabal
Immanuel # M. Card
Xurian Xuri # Junkal Guerrero
Ilargia # Ken zazpi
Oye # Jim Papoulis

Bilboko Koral Elkartea 1886an sortu zen, oro har musika bultzatzeko eta bereziki musika korala indartzeko. Bere ibilbidean zehar arrakastak eta sariak pilatu ditu eta ospe handia irabazi du Espainiako Estatu osoan. Koru hau 1984an sortu zen, garai hartan Bilboko Abesbatzaren zuzendaria zen Gorka Sierraren bultzadaz. 1994ko otsailetik hona Jose Luis Ormaza da koruko zuzendaria. Koruko kide gehienak Bilboko Koral Elkartearen Kontserbatorioko ikasleak dira.

Zuzendari hauen agindupean abestu dute, besteak beste: John Elliot Gardiner, Edmon Colomer, Mstislav Rostropovich, Daniel Nazaret, Odón Alonso, Ros Marbá, Theo Alcántara, Victor Pablo Pérez, Marco Armillato, Hans Graf, Tamas Vasary, Elio Boncompagni, Juanjo Mena, Jerzy Semkow, Valery Gergiev eta Josep Pons.

Urte hauetan hainbat aldiz abestu dute Bilboko Arriaga Antzokian, Madrileko Errege Antzokian, Palau de Mallorca Entzunaretoan, Segoviako La Granja Jauregian, Saguntoko Antzoki Erromatarrean, Madrileko Erakusketa eta Kongresuen Jauregian, Sevillako Maestranzan, Bartzelonako Musikako Palau aretoan, Versallesko Errege Jauregiko Kaperan, Nantesko Entzunaretoan, Soriako Audientziako Antzoki Jauregian, Cuencako Entzunaretoan, A Coruñako Kongresu Jauregian-Entzunaretoan, Victoria Eugenia Antzokian, Donostiako Anoetako Belodromoan eta Tenerifeko Guimerá Antzokian, bai eta Bizkaiko hainbat herritan ere. Orkestra andana batekin abestu dute.

Hona hemen horietako batzuen izenak: JONDE-Espainiako Orkestra Nazionala, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Royal Philharmonic Orchestra, Tenerifeko Orkestra Sinfonikoa, Galiziako Orkestra Sinfonikoa, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Mariinsky Antzokiko Operako Okestra. Musika folklorikoaren esparruan kontzertuak eman dituzte Kepa Junkerarekin.

Galiziako Orkestra Sinfonikoak lagunduta eta Víctor Pablo Pérezen zuzendaritzapean, Anton Garcia Abrilen “Alegrias” kantata grabatu dute disko konpaktu batean, eta beste batean berriz Guridiren “Así cantan los chicos” lana, BOSekin eta beren zuzendari titular den Juanjo Menaren zuzendaritzapean. Parte hartu dute baita ere Bilboko Koral Elkarteak ekoitzitako “Amets Egin” (Hezketa musikalerako kantak) izeneko diskoan. 1986an Bilboko Koral Elkarteak Arte Ederretako Merituen Urrezko Domina jaso zuen.

BILBOKO KORAL ELKARTEAREN EUSKERIA ABESBATZA – 22:00etan

Urko Sangroniz, zuzendaria
Xabier Mendez, gitarra
Anus Cividian, pianoa

Egitaraua
Barre egin nahi dugu # J. L. Ansorena – X. Sarasola
Orpheus with his # Lute R. Vaughan Williams
Jacinto Chiclana # A. Piazzola (Mold.: N. Zadoff)
Si tú no estás # Rosana (Mold: J. Domínguez)
Locuras # S. Rodríguez (Mold: L. Cangiano)
Requiem # E. Gilkyson (Mold: C. H. Johnson)
Wonderful Tonight # E. Clapton
Xalbadorren heriotzean # X. Lete (Mold.: Iñaki Urkizu)
Bohemian Rhapsody # Queen

Bilboko Koral Elkartearen gazte taldeak garai berri bati eman dio hasiera bere zuzendari berria –Urko Sangroniz– aukeratzearekin. Halere, betiko filosofiari eusten dio, hots, tarteko maila bat izatea Kontserbatorioko Koru edo Haur Koruaren, eta Nagusien Koru edo Koralaren artean. Korua 1985ean sortu zen eta Juan Luis Vázquez izan zuen zuzendari ondoko hamar urteetan. Ondoren Iñaki Moreno jarri zen zuzendari eta zeregin horretan jarraitu zuen 2007. urtera arte, urte horretan Bilboko Abesbatzaren zuzendari izendatu baitzuten.

Egin dituen lan ugarien artean aipagarriak dira 1993 eta 1996. urteetan Alemania iparraldean egin zuten itzulia, kontzertuak emanez Hamburgon, Schelswig-Holsteinen eta Schwerinen. Frantziako Anjou eskualdeko herri zenbaitetan ere aritu ziren 1994, 1996 eta 1998. urteetan Bilboko Koralaren Kontserbatorioko Jesus Guridi Orkestrarekin. Aipamen berezia merezi du bere azken itzuliari bukaera emateko Parisko Espainiako Misioko elizan eman zuten kontzertuak. 1999an, Frantziako Re uharteko Musika Sakratuko Jaialdian parte hartu zuen.

Espainian hainbat kontzertu eman ditu Madrileko Entzunareto Nazionalean, Malagako Cervantes Antzokian, Kordobako Antzoki Handian, Sevillako Lope de Vega Antzokian, Murtziako Romea antzokian eta baita ere Kartagena, Lorca, Burgos, Kantabria, Errioxa, Getafe eta Albaceteko zenbait antzokitan. Arriaga Antzokian eman diren zartzuela askotan ere parte hartu du.

IRALABARRIKO SAN ANTONIO ABESBATZA – 23:30ean

Maite Zugazaga, zuzendaria
Pedro Guallar, pianoa
Jordi Albareda, perkusioa

Egitaraua
Boga Boga # J. Guridi
Txanton Piperri # B. Zapirain
Gernikako Arbola # J. Mª Iparraguirre
El Roble y el Onbu # F. Garci-Arceluz
Maritxu Nora Zoaz # Popular
Maite # P. Sorozabal
Maitetxu # F. Alonso
Maite Maite Maitia # Urko
Nerea Izango Zen # M. Laboa
Bedeinkazioa # S. Merlo – P. Zabala
Birjiña Maite # L. Urteaga
Agur Maria # Pedro Guallar
Lau Teilatu # J. C. Perez
Baga Biga Higa # M. Laboa

Iralabarriko San Antonio Abesbatza Maite Zugazagak eta Jordi Albareda Uretak sortu zuten 1998an Bilboko Irala auzoko Frantziskotarren Komunitatearen guztizko laguntzarekin eta hiru oinarritan finkaturik: “ilusioa, lana eta musikaren amodioa”. Geroztik, abesbatzako kideek lan handia egin dute, Bilbon nola Bizkaian sakonkienik sustraitutako herri abesbatzetako bat bihurtu arte.

Iralabarriko San Antonio abesbatzaren ezaugarriak dira ez bakarrik ilusioa eta transmisio grina, baina baita ere malgutasun musikal handia eta era guztietako estilo eta ekitaldietara egokitzeko ahalmen itzela. Iralabarriko abesbatzak kontzertuak eman ditu, adibidez, Almudenako Katedralean (katedral horretan sekula abestu duen Euskal Herriko aurreneko abesbatza izan zen), Jeronimoen elizan eta San Frantzisko Handiaren basilikan, hirurak Madrilen, eta baita ere Asisko San Frantziskoren basilikan, Florentziako Santisima Anunzziataren elizan eta Seu d’Urgelleko katedralean. Baita ere abestu du solistekin eta musika taldeekin (El Consorcio, Los Mitos, Urko…), kirol ekitaldietan (2010eko saski-baloiko Errege Koparen finalean…), eta toki alternatiboetan (Parisko Eurodisney parkeko Stage Jaialdian, aire zabaleko kontzertuetan, jaialdietan…)

Une honetan, Abesbatza erronka oso garrantzitsu bati aurre egiteko prestatzen ari da: New Yorken kantatuko du urrian, New Yorkeko Euskal Etxearen mendeurrena ospatzeko. Abesbatzak hainbat ekitalditan parte hartuko du, gure musikaren eta kulturaren aztarna utziz lur amerikarretan. Aurtengo apirilean Iralabarriko San Antonio Abesbatzak ohore handi bat izan du Israel eta Palestinan barrena egin duen biraren barruan: Jerusalemeko Hobi Santuaren Berpizkunde zeremonian parte hartu du eta kontzertu arrakastatsu bezain hunkigarriak eman ditu Emaus, Belen eta Jerusalemen. San Antonio Abesbatzak halako karrez bizi eta sentitzen du musika, non berriro hartu baitu bere gain ekaineko “Iralabarriko Kontzertu Koralak” izeneko kontzertu sorta antolatzeko ardura, aurten bere XIII. edizioan. Aste oso batez hainbat abesbatza bilduko dira Iralabarrin musika korala ezagutarazteko asmoz. Bestalde, ez da ahaztu behar Iralabarriko San Antonio abesbatzak, bere sen herrikoi sakonarekin, behartsuenen zerbitzura jartzen dituela bere ahotsak eta ongintzako kontzertu mordo bat egiten dituela hainbat GKEren alde. Abesbatza sortu zenetik 50tik gora ongintzako ekitalditan aritu da. Une honetan 75 ahots misto ditu. Sortu zenetik Maite Zugazaga izan du zuzendari eta Pedro Guallar du piano-jole titularra.

5 · Estío – Shakespeareren Sonetoak, Manuel de Blasek errezitatuak

Euskal Museoa · Miguel de Unamuno plaza, 4
Dohaineko bisitaldia museora (20:30etik 02:00etara)
Emanaldiak: 20:30, 21:45, 23:00 eta 00:00etan

Zuzendaritza, dramaturgia eta sonetoen aukeraketa, Manuel de Benito
Soinu espazioa, Eduardo Blanco
Antoñita (Ruizen alarguna), ile-apainketa
Argiztapen barrokoa, Antiqua Escena

William Shakespeare (1564-1610) Londresko merkatari eta politikari aberats baten zortzi semeetatik hirugarrena izan zen. Ezer gutxi dakigu Shakespeareren haurtzaroari eta nerabezaroari buruz. Hastapen umila izan zuen eta era askotako lanbideetan jardun zuen, nahiz eta pentsatzekoa den hasieratik izan zuela harremana antzerkiarekin, autore gisa famatu egin baino lehen ere ezaguna baitzen bere aktore lanagatik.

Dramagile izateak eman zion, ordea, ospea garai hartan Shakespeareri. Hamalau komedia, hamar tragedia eta hamar drama historiko idatzi zituen eta bikain biltzen ditu denetan giza arimaren sentimenduak, samina eta anbizioak. Hala ere, ezin ahaztu Venus eta Adonis poema izan zela bere lehen arrakastetako bat, Londresko literatur giroan harrera itzela izan zuena. Aurrerago idatzi zituen poemen artean aipatzekoa da Lucreciaren bortxaketa (1594) eta maitasunari buruzko Sonetoak (1609); horiek bakarrik idatzi izan balitu ere, poesia anglosaxoiaren autore handienetako bat izango zatekeen.

1592 eta 1597 artean 154 Soneto idatzi zituen W. Shakespearek. Lehenengo 126ak gizon bati eskainiak daude eta gainerako 28ak emakume beltzaran bati (dark lady). Lehen edizioa 1609an argitaratu zen baina 1598tik daukagu beren berri. Ezagun dute Italiako Errenazimenduaren eragina, zehazkiago esanda Petrarcaren Kantutegia lanarena (XIV. mendea), baina, Shakespeareren obran hainbestetan gertatzen den bezala, poesia liriko modernoko mota berri bat inauguratu zuten.

Enigmaz inguraturik daude, nork idatzi zituen ere zalantzan jartzeraino, Stratford-upon-Avon-eko bardoak ez baitzuen baimenik eman argitaratzeko. Ezin jakin gizon gaztearentzat, emakumearentzat ala bientzat idatzi zituen; ez nortzuk ziren, ezta existitu ote ziren ere. Inoiz ez da jakingo hitz haiek idazlearen sentimenduak definitu ote zituzten edo asmakizun artistiko hutsa izan ziren. Azken horri dagokionez dena den, aipatzekoa da bere testuetan zehar hainbat pista daudela, esaterako, narratzailearen izena (Will) eta aktore ofizioa, nortasunaren teoria baieztatzen dutenak. Nolanahi ere, baliteke kontua askoz ere sinpleagoa izatea: sorkuntza literario guztietan bezala, errealitatetik abiatzen da gero artistikoki aldatzeko.

Shakespeare - Manuel de Blas

MANUEL DE BLAS

Badajozen jaio zen 1941eko apirilaren 14an. Kordoban igaro zuen haurtzaroa eta gero Madrilera joan zen Zientzia Politikoak ikastera. Ikasketa horiekin batera, interpretaziokoak ere egin zituen Zinematografia Eskola Ofizialean eta 1961ean egin zuen debuta zineman José María Elorrietaren Rosa de Lima filman, paper txiki batekin. 160 film baino gehiagotan parte hartu du eta milaka pertsonaia hilezkor antzeztu ditu oholtza gainean nahiz telebistan.

60 eta 70eko hamarkadetan koprodukzioetan eta genero zineman zentratu zen nagusiki eta 80ko hamarkadan aldaketa selektibo bat gertatu zen, bere antzerki lanean nahiz lan zinematografikoan hain nabarmena dena, momentuko zuzendari espainiar onenekin hasi baitzen lanean, eta aipatzekoa da Jaime Caminorekin egindako Dragon Rapide filma (1986).

De Blas-ek ibilbide luzea egin du aktore lanetan: Juana la loca… de vez en cuando (1983), Don Juan en los infiernos (1991), Chevrolet (1997), Goya en Burdeos (1999), Arderás conmigo (2002), La piel de la tierra (2004), Los fantasmas de Goya (2006) edo La conjura de El Escorial (2008), Jason Isaacs, Jordi Mollà eta Juanjo Puigcorbé-rekin batera. Telebistan ere lan asko egin du: Estudio 1 (1964-1982), Teresa de Jesús (1984), Los jinetes del alba (1990), ¡Ay, Señor, Señor! (1994-1995), Hospital Central (2001), Padre Coraje (2002), Motivos personales (2005) eta Amar en tiempos revueltos (2006). Horiez gain, parte hartu du baita ere El internado (2007-2010) programan, Saúl Pérez Sabán “El Viejo” interpretatu zuen Cuéntame cómo pasó telesailean (2010), Jacobo Fitz-James Stuart y Falcó-ren azalean sartu zen La Duquesa (2010) saioan eta paper bat izan du baita ere Gran Hotel (2011) telesailean. 2013an Gran Reserva: El origen telebista saioan parte hartu du.

Antzokian sortutako aktore hau beti izan da zuzendari handien konfiantzazko interpretea, hala nola Víctor García, Miguel Narros, Lluís Pasqual edo Eusebio Lázarorena. Bere interpretazio gogoangarrienak Bodas de sangre, Divinas palabras, Seis personajes en busca de un autor edo Esperando a Godot obretan egin ditu.

6 · Chanson de Guerre

Guggenheim Bilbao Museoa · Abandoibarra etorbidea, 2
Dohaineko bisitaldia museora (22:00etatik 02:00etara)

22:00etan eta 00:15etan | Les Artysants: Philippe Bot, laguntzaile duela Eirik Zahl gitarra-jolea

PHILIPPE BOT: Irudimena gainezka duen gizon honek hogei urte baino gehiago daramatza musikaren munduan, batzuetan instrumentista lanak eginez eta bestetan bere ahotsaren swing sentsuala transmitituz. Pasa den mendean jaio eta hazi zen Marne ibaiaren ertzean, artean ez zekiela garai hartan Django Reinhardt ibaiaren beste aldeko kabaretetan jotzen ari zela. Autorea eta konposatzailea, kantuak sortzen ditu eta estandarrak frantsesera egokitu. Soinu paisaiak sortzen ditu koreografietarako, antzerkirako eta giro musika egiteko. Happy Bop jazz boskoteko kantari eta tekla-jole izan zen eta El Snap eta Tune rock alternatiboko talde frantsesetan ere ibili zen.

EIRIK ZAHL: Norvegian jaio zen, trol, fiordo eta elfoen lurrean, bikingoak desagertu eta mila urte geroago, Georges Brassens eta Bob Marley hil ziren urte berean. Gitarra, sitarra (Indian ikasi zuen), mandolina, ukelelea, bateria, djembea, pianoa eta biolina jotzen ditu. Ibili izan da Harakiri Band antzerki alternatiboko taldean, Teakidergh Europako dantza tradizional konpainian, klezmer musika taldean eta Baba Ganoush talde balkanikoan.

22:45 y 00:45 h | Au Vrai Chic Parisien: Annick Hémon, acompañada por el acordeonista Patrick Fournier

ANNICK HÉMON: Artista eta kantaria, pertsona harrigarria da Annick Hémon, eta zirkuko tranpolin bat aukeratu zuen mundua konkistatzeko, batzuetan zerrautsaren gainean arrastaka ibiliz eta bestetan kristal birrinduaren gainean etzanez gizonkote astunek sabela zapaltzen zioten bitartean.
Zirkuan nahiz kale antzerkian, kantua oso hurbilekoa zitzaion eta berehala barneratu zuen. Maguy Marin-entzat dantzatu zuen bitartean sortu zuen bere errepertorioa, Piaf-engandik hasi eta Weil-enganaino hedatzen dena.

Denbora batez Paris Combo (Joseph Racaille-ren cha-cha band handia) taldeko kide izan zen, eta gero Dora Lou taldea sortu zuen Miss Dominique Ponty piano-jolearekin eta Cyril LeFèbvre gitarra hawaiiarra jotzen duen interprete exzentrikoarekin. Oraingoan, Satie, Milhaud, Poulenc, Ives, Ketèlbey eta autore berriagoen (esaterako, Bruno Coulais eta Joseph Racaille) lanak ere interpretatzen ditu.

PATRICK FOURNIER: Bretainian jaiotako akordeoilari eta konposatzaile hau Bévinda-ren laguntzaile izan da 10 urtez, 6 album egin dituztelarik, eta Claude Astier eta Gine eta beren Orkestraren laguntzaile ere izan da. Baita ere kolaboratu du Fugain, Birkin, Barouh, Fontaine eta Areski le Belkacem-ekin. Michel Graillier-en (Chet Baker taldeko piano-jolea) gonbita jaso du. Antzerkian izen handiekin lan egin du, hala nola J.J.P. Wenzell, J.L. Hourdin, Paul Fructus eta Pierre Henri-rekin. Mister Lear kolektiboan parte hartzen du duela bi urtetik eta Freebidou talde mitikoaren hirugarren kidea izan da (3 album).

23:30ean eta 01:15etan | Michel Hermon, laguntzaile duela Christophe Brillaud piano-jolea

MICHEL HERMON: Michel Hermon, antzerki gizon eta kantari frantsesa, Parisen jaio zen 1948an. Bere eklektizismoak bidegurutze batean kokarazi du, alegia, antzerkia, antzerki musikala, music-hall-a, kantua eta musika klasikoa elkarrekin gurutzatzen diren puntuan.

CHRISTOPHE BRILLAUD: Christophe Brillaud piano-jole apasionatu eta birtuoso bat da, interpretatzeko duen sentsibilitate handiagatik ezagun egin dena. Maite ditu Schubert, Rachmaninov eta Listz-en obrak, uste baitu horiek direla musikaren muina. Hala ere, ez zaio musika klasikoa bakarrik interesatzen; kantua irakasten du, konposatzailea da, musika elektronikoa grabatzen du eta kantari frantsesen laguntzaile-lanetan aritzen da.

ILUMINACIONES – A partir de las 22:30, iluminamos Bilbao (hasta las 02:00 h)

7 · Alondegiaren eguzkia

AlhóndigaBilbao · Arrikibar plaza, 4
Vídeo Mapping (nueveojos-ek egina)

Ukaezina da Alondegiaren eraikinak urteetan zehar izan duen indarra. Bere historiak hiriaren beraren, bertako biztanleen, negozioen eta bizitzen historiak kontatzen dizkigu. Gaur egun, kultura eta kirol zentro bihurturik, leku garrantzitsua du oraindik ere Bilboko errealitatean.

Alhondiga Bilbao

8 · Francisco Durrio eta Paul Gauguin elkarrekin solasean

Bilboko Arte Ederren Museoa · Museoaren plaza, 2
20:30 tik aurrera
Instalazio honek ahotsa eta aurpegia jarriko die zuhaitzei.

Gauguin - Durrio

9 · CRAI eraikina argituta

CRAI eraikina · Ramón Rubial kalea, 1

Gau Zurian CRAI eraikina (Deustuko Unibertsitateko Ikasteko eta Ikertzeko Baliabide Zentroa) kolorez jantziko da, bere arkitektura berezia nabarmentzeko eta besteak bezalako liburutegia ez dela erakusteko. “Kristalezkokutxa” izenarekin ezagunago den eraikin hau Rafael Moneoren lana da.

Iluminacion CRAI

10 · Iluminación Diputación

Diputación Foral de Bizkaia · Gran Vía Diego López de Haro 25

Argiztapenaren arduraduna, Patrice Warrener. Argiztapen sistema honek edozein eraikinetako fatxada alda dezake eta kolore ugariko bertsio ikusgarri bihurtu, mundu oniriko eta irrealen bertsio propio bat erakutsiz.

Patrice Warrener argiztapen arloko artista frantsesa da, Chromolithe Argiztapen Polikromatikoko Sistemari esker (Chromolithe Polychromatic Illumination System) ezagun egin dena. Azken hamabost urteetan hirurogei instalaziotik gora egin ditu sistema horrekin eta dozena bat herrialdetako eraikinak argiztatu ditu. Neurri batean, berari zor zaio Argiaren Jaialdiak Munduko Ondare estatusa duten hainbeste hiritara zabaldu izana.

Iluminacion Diputación

Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregia 1900eko uztailaren 31n inauguratu zuten. Donostian bizi izandako Luis Aladrén arkitekto aragoarrak proiektatu zuen. “Eklektismo alfontsinoaren obra gorenetako bat” da Bizkaian. Fatxadak apainketa aberatsa du eta nabarmena da autoreak konposaketari eman zion garrantzia. Arkupe ere badu, eraiki zen garaian zalgurdiak sartzeko erabiltzen zena. Gainera, hiru ate handi ditu, burdinazko hesi sendo eta artistikoekin ixten direnak, urre kolore dotorez dekoratuak eta sarrera nagusira ematen dutenak. Armarri batek errematatzen du fatxada.

11 · Gau Aretoa

Concordia Plaza (Isozaki Dorreak)
Isozaki Dorreen artean piztuko diren argiek espazioari areto sofistikatu baten itxura emango diote, eta areto horretan giroa luxu sotilez beteko da eta gauza guztiak Vienako baltsen erritmora dantzan bezala jarriko dira.

Salon de Noche - Gau Aretoa

12 · Terminus eraikina argituta

Terminus eraikina · Plaza biribila
Argiztapenaren arduraduna, Patrice Warrener.

Severino Achúcarro arkitekto bilbotar ezagunak, Bidebarrietako Liburutegia eta La Concordia Geltokia (Feve) diseinatu zituenak, diseinatu zuen baita ere Plaza biribileko Terminus eraikina. Bilboko aurreneko eraikin igogailuduna izan zen eta 1893an inauguratu zen Hotel Terminus izenarekin tren geltokiaren ondoan, geltokiari lotuta pasabide baten bitartez. Gero Bizkaiko Aurrezki Kutxak (BBK izango zenak) erosi zuen eta 1949an nabarmen handitu eta eraberritu zuten Gonzalo Cárdenas eta Anastasio Tellería arkitektoek. Gaur egun Bilboko Udalarena da.

Edif. Terminus

13 · Bilbo Berria

Arriaga Antzokia · Arriaga Plaza 1
Vídeo Mapping (TBA-k egina)

Nola bihurtu da Bilbo gaur egun ezagutzen dugun hiria? Zein da gaur egungo Bilboren jatorria? “Bilbo Berria” erakutsi aurretik ezinbestekoa da deskubritzea nolakoa izan zen zaharra. Abiapuntutzat hartu euskal lurraldearen ezaugarriak eta izaera, aurrera egin hazkunde industrial eta teknikoaren garaian barrena, eta jo azkenean gure egunetara, hots, kultura, iraunkortasun, diseinu eta arkitektura garaikidearen arora.

Arriaga - Bilbo Berria

14 · Keyframes: Acrobatic Battle

Bilboko Udala · Ernesto Erkoreka Plaza 1

Keyframes gaueko instalazio plastikoa da, argizko pertsonaiek osatua eta espazio publikoetarako diseinatua. Mugimenduaren deskonposizio / kronofotografia eta zinetikaren printzipioetan oinarriturik, argizko pertsonaiak espazioan barreiatzen dira programatutako argiztapen sekuentzien bidez istorio bat kontatzeko. Keyframes ikuskizuna eskulturaren eta zinemaren arteko zubia da, arte plastiko eszenografiatua, ikusgarria eta jai-girokoa, espazioa bera antzaldatzen duena. Keyframes ikuskizunak istorio urbanoak proposatzen ditu mikro-kontaketen bitartez, gorputzak eta haien mugimenduak protagonista bihurtuz.

KeyFrames

KALE ANIMAZIOAK
Kale animazioko hainbat talde arituko dira gau osoan Bilbo erdialdeko kaleetan barrena (Kale Nagusian eta Alde Zaharrean)

15a · Brincadeira

20:30, 22:00 eta 23:00etan (Alde Zaharrean) – 00:30ean (Kale Nagusian)

brincadeira

Brincadeira taldea 2004an sortu zen musika afro-brasildarraren eraginpean. 2008an taldeak gizarte proiektuaren izaera hartu zuen eta gazteen prestakuntza da orain bere lehentasuna. Gaur egun, hasierako eraginak alde batera utzi eta seiehundik gora emanaldi eskaini ondoren, berrikuntza erritmiko eta koreografikoak dira talde honek prestatzen dituen ikuskizun sofistikatu eta ikusgarrien ezaugarria.
www.brincadeira.es

15b · Bandarra Street Orkestra

21:00etan (Alde Zaharrean) – 22:30ean (Kale Nagusian) – 00:00 eta 01:30ean (Alde Zaharrean)

 Bandarra Street

Bandarra Street Orkestra “Camp de Tarragona”-n bizi diren musikariz osatutako talde bat da, gehienbat brass band-en eta perkusio brasildarraren eragina duena. Elementu horiekin ikuskizun ibiltari dinamiko eta polibalentea eskaintzen dute. Ibili ahala, beren bizitzako soinu banda deskargatzen dute eta burrustan zabaltzen melodia herrikoiak, umorea, koreografia eta erritmo biziak.
www.bandarrastreetorkestra.com

15c · Brodas Bros “Argizko Errobotak”

22:30 eta 23:30ean (Alde Zaharrean)

Robots de Luz

Brodas Bros hip-hop dantza konpainiak aurkeztutako kale koreografia honetan argi-errobot batzuk arituko dira dantzan DJ batek zuzenean nahastuko duen musikaren doinura. Brodas Bros taldea kalean eta antzokian ere aritzen da eta mundu osoko mota guztietako eszenatokietara eraman ditu hip-hopa eta erritmo urbano berriak, izugarrizko energia eta bizitasuna duten ikuskizunetan. 2006an sortutako Brodas Bros taldeak hainbat jira egin ditu Espainian, Ekialde Ertainean eta Ekuatore Ginean. Bere azken ikuskizuna Concierto Concepto deitzen da eta Bartzelonako Grec Jaialdian estreinatu zuten 2012an.
www.brodas.es