• Bilbao 700 Fundazioak Bilbogileak-Memoria de Bilbao bilduman argitaratutako liburu honek Mungiako olerkariaren bizitza eta lanak aztertzen ditu.
  • Lauaxeta kazetari eta olerkari bezala gogoratzen da gaur egun, baina lan handia egin zuen baita ere euskarara itzultzen Europako obra klasiko eta abangoardistak.
  • Juan Mari Aburtok, Bilboko alkateak, gaur aurkeztu du liburua Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan.

“Esteban Urkiaga ‘Lauaxeta’, el nuevo Odiseo” liburuak Lauaxeta olerkari bizkaitarraren bizitza kontatzen du, olerkari eta kazetari gisa idazten hasi zenetik frankistek 1937an fusilatu zuten arte.

Esteban Urkiaga, goitizenez Lauaxeta, 1905eko abuztuaren 3an jaio zen Laukinizen, familia tradizional eta kontserbadore batean. Jesuitekin ikasi zuen Durangon, Azpeitian eta Oñan, toki horietan hasi zen euskarara hurbiltzen eta haietan ezagutu zituen beste idazle ezagun batzuk ere, hala nola Andima Ibiñagabeitia eta Pío Montoya. Oso gaztetatik sentitu zuen erlijiorako pendura, eta nobiziotza hasi zuen, baina gero alde batera utzi zuen bide hori kazetaritza eta literatura besarkatzeko. Eusko Alderdi Jeltzalean (EAJ) sartu zen eta euskarazko hainbat argitalpenen ardura hartu zuen bertan.

1931n argitaratu zuen bere lehen olerki liburua, Bide barrijak, eta 1935ean bigarrena, Arrats beran, biekin baztertu zelarik euskal poesia tradizionalaren estilo erromantikotik. Halaber, lan handia egin zuen euskarara itzultzen Europako obra klasikoak eta abangoardistak, adibidez Federico García Lorcaren hainbat liburu.

Baina Lauaxetak kontraesan bikoitz batean murgildurik igaro zuen bere mundualdi laburra. Kontserbadorea zen pentsamenduz eta berritzailea estetikan eta literaturan, mundu berriak sortzeko gai baina pentsamenduz ortodoxoa. Kontserbadorea izan eta, halere, poesia modernoa idatzi zuen; katoliko konprometitu eta praktikantea, baina barkamenik jaso ez zuena epaitua izan zenean.

Gerra Zibila hasi eta 1936ko Euskadiren Autonomia Estatutua onartu zenean, Eusko Jaurlaritzarekin lan egin zuen, propagandako arduraduna izan zen hainbat argitalpenetan eta Intendentziako komandante. 1937ko apirilaren 29an Gernikara joan zen itzultzaile gisa, Kondor Legioak hiria bonbardatzean eragindako kalteak erakustera Frantziako gerra-korrespontsal batzuei. Orduan tropa frankistek preso hartu zuten, Gerra-kontseilua egin zioten, eta heriotzara kondenatu zuten. Handik bi hilabetera, Gasteizko Santa Isabel hilerrian fusilatu zuten.

Bere heriotzak hegoak ebaki zizkion euskal poesiaren karrera itxaropentsuenetako bati. Halaxe adierazi du Juan Mari Aburto Bilboko alkateak liburuaren aurkezpenean. Ekitaldian izan dira, baita ere, Miren Josune Ariztondo, Bilbao 700 Fundazioko zuzendaria, eta Jon Kortazar, liburuaren idazlea.

Juan Mari Aburtok, Bilboko alkateak, esan du Lauaxetaren “jarduera ez zela mugatu jarduera literario eta lirikora. Esteban Urkiaga gogoratua da Euzkadi egunkarian egunero idazten zuen zutabeagatik eta argitalpen horretako euskarazko orrialdeko zuzendaria izateagatik. Gainera, kultura eta ospe handiko idazlea izan zen, Federico Garcia Lorcaren poema batzuk itzuli zituen eta hurbiletik jarraitu zituen Espainia eta Frantziako literatur berritasunak. Bere bizitza eta bere ibilbide kultural eta intelektuala kolpez moztu ziren 1936ko Estatu Kolpearekin”.

Bestalde, Miren Josune Ariztondok, Bilbao 700 Fundazioko zuzendariak nabarmendu du Bilbogileak bildumako liburu berrian azaltzen dela orobat “Laukinizeko idazleak bizi izan zuen kontraesan bikoitza. Kontserbadorea zen pentsamenduz eta berritzailea estetikan eta literaturan; mundu berriak sortzeko gai izan arren, pentsamendu ortodoxoko gizona zen”. 

BILBOGILEAK-MEMORIA DE BILBAO BILDUMA

Bilduma honen helburua da gure historian aztarna sakona utzi duten pertsona eta erakundeen lana eta nortasuna berreskuratzea. Bilduma honetan zorrotz zaintzen da memoria historikoa ibilbide atsegin eta erakargarri bat proposatuz eta abentura pertsonal bat bihurtuz obra bakoitzaren irakurketa. Bilbogileak-Memoria de Bilbao bildumaren orrietan ideologia eta esparru aski desberdinetako pertsonaiak ageri zaizkigu ikuspegi ireki eta integratzaile batekin. Bada hor denetarik: artistak, politikariak, zientzialariak eta kultura arloko pertsonaiak, baina denak izan dira eredu eta erreferente etiko bat atzetik etorri diren belaunaldientzat