Berriak

Tom Harrell Campos Elíseos Antzokian izango da maiatzaren 22an, 365 Jazz Bilbao zikoaren barruan

Tom Harrel Estatu Batuetako tronpeta-jotzaileak Bilboko Campos Eliseos antzokian joko du maiatzaren 22an (eguaztena), 20:00etan, Bilbao 700 Fundazioak antolatutako “365 Jazz Bilbao” zikloaren barruan. Illinoisko tronpeta-jotzaile eta musikagileak bere trebezia musikala eta sormenerako ahalmena agertuko ditu Bilboko ikusleen aurrean.

1989az geroztik gidatzen ditu bere taldeak eta, gaur egun, proiektu berrien konposizioen, zuzeneko emanaldien eta grabazioen artean banatzen du bere denbora; bira artistikoak ere egin ohi ditu bere boskotearekin.

Sortzeko ahalmen handienetakoa duen jazz musikari moduan dago onartua mundu osoan. 27 album kaleratzeaz eta lider moduen ehunka kontzertu emateaz gain, jazzaren historian leba handia duten figurekin egin du lan, hala nola, Stan Kenton, Woody Herman, Dizzie Gillespie, Horace Silver edo Sam Jones-ekin. Oraingo artistekin ere jardun du, Joe Lovano eta Charles McPherson-ekin esaterako.

Berealdiko tentsio musikala ezkutatzen duen lirika dario bere estiloari, ezin hobeto egituratutako eta Clifford Brown-en indarra eta Chet Baker-en gozotasuna uztartzen dituzten soloak interpretatzean.

2013ko edizioa otsailean abiatu zen azarora arte luzatuko den izen handiz beteriko kartelarekin. Orain arte ROMANO, SCLAVIS eta TEXIER maisu frantsesak eta LIZZ WRIGHT estatubatuar kantautorea izan dira Bilbon euren trebezia agertzen. Oraingoan, New Yorkeko RAVI COLTRANE saxofoi eta klarinete-jotzailearen txanda da (apirilaren 30ean). Maiatzaren 22an, berriz, TOM HARRELL estatubatuar tronpeta-jotzaile eta konpositoreak joko du. Urriaren 4an Londresko CLEVELAND WATKISS kantaria izango da gure artean. Azaroaren 5ean MEDESKI, MARTIN & WOOD taldea eta azaroaren 21ean Israelgo AVISHAI COHEN kontrabaxu-jotzailea.

TOM HARRELL

MAIATZAREN 22an, eguaztena, 20:00etan http://www.tomharrell.com/
Bilboko CAMPOS ELÍSEOS antzokian. Prezioa: 6 €

Tom Harrell (1946ko ekainaren 16a, Urbana. Illinois). Adoretsu egin zion aurre musikagile honek bere gaixotasunari eta, sendatutakoan, 80. eta 90.eko hamarraldiko tronpeta-jotzailerik onenetakoa izatera iritsi zen. Kaliforniako iparraldean hazi zen eta zortzi urte zituela jo zuen estreinakoz tronpeta. Profesional moduan, berriz, hamahiru urterekin. Inprobisatzailea eta zeharo aldabera, bere aurreneko lanak Stan Kenton (1969) eta Woody Herman (1970-71) orkestretan eta Horace Silver-en (1973-77) boskotean egin zituen. 70.eko hamarkadaren erdialdean New Yorkera joan zen eta Phil Woods ezagutu zuen han 1983an. “Phil Woods Quintet” taldean sartu eta munduan zehar ibili ziren. 1989ra arte iraun zuen talde horretan. Gerora, bere taldeak zuzendu eta Contemporary, Chesky eta RCA diskoetxeekin grabatu ditu diskoak.

‘The Time of the Sun’ da Highnote Records etxeak 2011ko maiatzean plazaratutako bere azken diskoaren izena. Harrellen oraingo boskotearen laugarren albuma da. Duela sei urte baino gehiago sortu zen boskote horretako kideak hauek dira: Wayne Escoffery, Grissett Danny, Okegwo Ugonna eta Johnathan Blake. Bere albumetako bertsio gehienetan bezala, Harrellenak dira ‘The Time of the Sun’ albumeko konposizio guztiak eta album horregatik irabazi zuen seigarren aldiz Jazz SESAC saria. Bere ibilbide profesionalean jaso dituen sarien artean BMI (Broadcast Music Incorporated) Musikagileen Saria eta Prix du Jazz Oscar ere badaude. Grammy sarietarako izendapena jaso zuen “Time’s Mirror” albumagatik.

Informaziorako web orria

365 Jazz Bilbaoren webguneak programako artista guztien musikan barneratzeko aukera ematen digu (taldeak, egunak, ordutegiak, lokalak eta abar): www.365jazzbilbao.com