Berriak

Terence Blanchard-ek itxiko du 365 Jazz Bilbao zikloaren denboraldiko lehen zatia

Terence Blanchard New Orleans-eko tronpetaria maiatzaren 27an arituko da Campos Elíseos antzokian. Blanchard-ek itxiko du gure Fundazioak antolatutako ‘365 Jazz Bilbao’ zikloaren denboraldi honetako lehen zatia.

Zenbait Grammy sari, Golden Globe sari bat, Oscar sarietarako hautagaitza bat… Terence Blanchard-en ibilbidea sariz beteta dago Miles Davies-ek berak esan zuen bere belaunaldiko tronpetaririk bikainena zela. Tronpeta-jotzaile hau Marsalis familiarekin lotuta dago, konposatzailea eta moldatzailea ere bada, eta neo bop estiloaren figura handienetako bat da. Bere teknika miragarriari esker tronpeta jotzen birtuosoa da. Ospea lortu zuen 1992an, Spike Lee-ren “Malcolm X” filmaren soinu-banda grabatu zuenean. Bere musika gaur egungo jazzaren eta musika afroamerikarraren arteko lotura da, Joshua Redman edo Roy Hargrove-ekin batera (azken hori ere aurtengo 365 Jazz Bilbao zikloan izan da).

2014ko edizioaren lehen zatia Terence Blanchard-en emanaldiarekin bukatuko da, maiatzaren 27an, Campos Elíseos antzokian, 20:00etan. Horren aurretik Bilboko aretoetan izan dira Tigran Hamasyan, Gregory Porter eta Roy Hargrove. Oraingoan, Louisianako tronpetariaren txanda da.

Terence Blanchard

Terence Blanchard New Orleans-en jaio zen (Louisiana). Pianoa jotzen hasi zen 5 urterekin eta tronpeta 8 urterekin. Umetako laguna zen Wynton Marsalis-ekin hasi zen jotzen, udalekuetan entretenitzeko. 80ko hamarkadan, Blanchard-ek Paul Jeffrey jazz saxofonistarekin eta Bill Fielder tronpeta-jotzailearekin ikasi zuen Rutgers Unibertsitatean, ‘Lionel Hampton Orchestra’rekin bira egiten zuen bitartean. Garai hartan, Louisianako tronpetaria urte haietako jazzaren susperraldiaren figura nagusietako bat izan zen.

Bakarkako ibilbidea

1990ean Terencek bakarkako ibilbidea hasi zuen. Bere izena daraman albuma grabatu zuen Columbia diskoetxerako, eta gero beste bederatzi grabatu zituen. “Malcolm X” filmerako soinu-bandan parte hartu zuenean ospetsu egin zen, eta geroztik soinu-banda ugaritan hartu du parte.

‘Let’s Get Lost’ diskoak arrakasta komertziala ekarri zion 2001ean. Jazzaren ahots nagusiak berarekin egon ziren lan honetan: Diana Krall, Jane Monheit, Dianne Reeves eta Casandra Wilson.

Spike Lee-rekin lan egin eta hamar urte geroago berriro elkartu ziren eta 2002an “25th Hour” filmaren soinu-banda konposatu zuen. Horri esker Golden Globe sari bat irabazi zuen. Lau urte geroago eta Katrina urakanaren hondamendiaren ondoren, Lee-rekin egin zuen lan berriro, “When the Levees Broke: A Requiem in Four Acts” izeneko dokumentala grabatzeko.

Terence kameraren aurrean agertzen da, bere amarekin batera, etxera itzultzearen eta guztiz suntsituta aurkitzearen bidaia emozionala partekatuz.

Musikarekin lotutako beste alderdi profesional bat irakaslearena da eta berak aitortu zuen: “Oso harro nago Monk Institutuan 10 urtetan zuzendari artistiko izan nintzenean egin nuen lanarekin”. Mancini Institutuko zuzendari artistikoa ere izan da. Bere ikasleekin inprobisazioa, konposizioa eta interpretazioa lantzen ditu.