Berriak

Pedro el “Granaíno” eta Juan Requena Gau Flamenkoen Zikloan

Jerezko Juan Moreno “El Torta” cantaoreari eta Paco de Lucía gitarra-jotzaile apartari eskainitako Gau Flamenkoen zikloan, ibilbide artistikoan sasoirik beteenean dauden Pedro “El Granaíno” eta Juan Requena izango ditugu oraingo honetan. 

Pedro Heredia Reyes, PEDRO “EL GRANAÍNO” izenez ezaguna, Granadan jaio zen 1973an, ijitoen familia batean. Bere ibilbide profesionalak azkar egin zuen bat farrucotarrekin. Eurekin hartu zuen parte zenbait ikuskizunetan. Jerezko 2012ko jaialdian cantaore bakarlari moduan debuta egin eta kritika ona jaso zuen, urte bereko Sevillako bienalean legetxe, Juan Requena gitarra-jotzailearekin batera. 

2013an, saria eman zioten Kordobako Arte Flamenkoaren Lehiaketa Nazionalean. Tomás Pavón, Antonio Chacón, la Niña de los Peines, Chocolate, Camarón eta Morente ditu inspirazio-iturri. Klasikoenganako errespetua, kantuan aritzeko sendotasuna eta indarra eta bere-berea duen ahotsaren metala dira bere ezaugarri nagusiak.

Vicente Amigo eta Tomatito gitarra-jotzaileekin eta Enrique eta Estrella Morente eta Alejandro Sanz cantaoreekin jardun du. Gainera, Carlos Sauraren “Flamenco, Flamenco” filmean ere hartu du parte eta Londresen, Parisen, Erroman, Amsterdamen, New Yorken edota Los Angelesen barreiatu du bere cantea.

Ezin bereizizko lagun duen JUAN REQUENA Malagako belaunaldi berriko gitarra-jotzailearekin dator. Teknika eta erritmo flamenkoak menperatu ez eze, beste musika batzuen ukituak ere erabiltzen ditu, flamenkotasuna batere galdu barik. Ondo ezagutzen du cantea eta, hortaz, gitarra jotzeko duen era ezin hobeto doitzen da cantaorera. Giraldillo saria eman diote akonpainamenduko gitarra-jotzailerik onena izateagatik. Andaluziako Dantza Konpainiarako egin du lan, baita Duquende, Guadiana, Arcángel, La Tremendita, José eta Encarna Anillo, Joaquín Grilo edo Farruquito artistekin ere.

Programa

Maiatzaren 16a, barikua, 22:00etan, HESPERIA BILBAO HOTELEAN (Campo Volantín, 28)

  • Kontzertua: PEDRO “EL GRANAÍNO”
  • Pedro “El Granaíno” (cantea)
  • Juan Requena (gitarra)