Berriak

Neptunok, Itsasoetako Erregeak, Balyri bisita egingo dio Aste Nagusian eta Balearen Desfilean lagun egingo dio

Urtero bezala, Aste Nagusia hasten den egunaren biharamunean, Baly baleak eta haren familiak bisita egiten digute tradiziozko desfilean. Horretarako itsasoa utzi behar dute zenbait orduz. Horrela bada, Baly eta haren lagunak Kale Nagusian joango dira desfilean, Plaza Biribiletik Jesusen Bihotzaren plazaraino.

Aurtengo goiburua “Balea eta Neptuno erregea” da. Bilbao 700 fundazioak berriz ere antolatu du herritarrentzat interesgarrienetakoa den eta jende gehien biltzen duten ekitaldietakoa den desfilea. Kabalgata ikusgarri hau ikusleentzat pozgarria da eta umeak ez ezik helduak ere aho zabalik uzten ditu. Aurten Balyk itsasoetako erregearen bisita izango du. Neptuno erregeak ozeanoak aldi batez utziko ditu bale maitagarriarekin batera Bilboko desfilean joateko.

Itsasoetako erregea ez da bisitari bakarra izango; izan ere, hainbat pertsonaia harrigarri izango dira gurekin; pertsonaia exotiko asko, gure planetaren bazterrik bitxienetatik etorriak. Fantasiazko baso batetik heldutako iratxoak eta zuhaitz animatuak, Afrikako sabanatik jirafak eta elefanteak; karamelu puzgarriak eta beste asko izango dira abuztuaren 18an (domeka), arratsaldeko 19:00etan, Balearen desfilean protagonistak.

Tradiziozko paseo magiko honetan Balyren lagunak haren atzetik joango dira, elkarrengandik hurbil. Horrela bada, Olagarroa, Bisigua eta Txangurroa kalejira honetako “alma mater” den Balyrekin batera joango dira. Ezin zuten inola ere desfilea galdu. Ez horixe!

Balearen desfilean musika, dibertimendua eta sorpresak eskutik doaz eta horregatik, hain zuzen, bilbotarren artean interesik handiena pizten duten ekitaldietakoa dugu. Urtero bezala, herritarrek ikuskizun honetaz gozatuko dute aurten ere. Desfilea, euren merituengatik, dagoeneko jaietako motorretako bat da.

Desfilea 19:00etan hasiko da eta Plaza Biribiletik Jesusen Bihotzaren plazaraino joango da Kale Nagusitik. Desfilean parte hartzen duten elementuek kaletik pasatzean aldi batez zirkulazioa eten beharra ekarriko dute. Hori domeka horretako 18:00etatik 20:45era, desfileko karrozen abiapuntuan eta desfilearen ibilbideko kaleetan (Kale Nagusia eta honetara heltzen diren kaleak). Zirkulazioa ez aurrera ez atzera ez geratzeko, Bilboko Udalak herritarrei gomendatzen die garraio publikoa erabiltzeko.

Segizio magiaz eta animazioz betea

Neptuno erregeak bisita egingo digu eta Balyri lagun egingo dio desfilean. Aurten beste berrikuntza batzuk ere izango dira. Horrela bada, desfilean izango dira Afrikako sabanako zenbait animalia, caballo Real zaldia Gelsey maitagarriarekin, eta Gozolandiatik heldutako karamelu puzgarriak. Edizio honetako desfilea aurreko urteotakoa baino are ikusgarriagoa izango da, pertsonaia horiek guztiak eszenaratuta.

Neptuno erregea

Itsasoetako erregeak, itsasoa utzi beharko du Balearekin, Olagarroarekin, Bisiguarekin eta Txangurroarekin batera desfilean joateko. Neptuno erraldoi artikulatua da eta Kale Nagusian zehar joango da desfilean, hiruhortzeko sardaz agurtzen. Haren atzetik Balearen desfileko gonbidatuak joango dira.

Hannavas

Afrikako sabanako familian hauexek egongo dira: jirafa ama Twiga, haren alaba Sambah, Tembo elefantea eta Tombito elefante kumea. Horiek oihanetik etorri ezin izan diren animalia guztien ordezkari etorriko dira Bilbora. Sabanan zelan bizi diren ikusi ahalko dugu, horiek etengabe ikusleek parte hartzea nahi dute-eta.

Caballo Real zaldia basoan

Desfileko unerik magikoena, zalantzarik gabe. Baso liluragarri batetik dator Bilbora Caballo Real, Gelsey maitagarriarekin batera abentura berri batean parte hartzera. Trostan ibiliko dira eta, besteak beste, erraldoien urratsak ematen dituzten zuhaitz animatuak ikusiko dituzte, baita iratxoak, animalia harrigarri txiki asko ere.

Gozolandia

Musika, antzerkia, dantza eta umorea. Hori guztia Gozolandiako karamelu puzagarriekin batera. Bilboko zerua kolorez eta karamelu gozoz beteko da. Horixe da Majareta konpainiak gozozaleentzat egokia ez den “Guacamole” ikuskizunaz ekarriko digun proposamena.

Desfilearen hurrenkera

Energiaz eta indarrez beterik abiatuko da kabalgata, Banda del Surdo tartean. Perkusio-joleak eta dantzariak kolorez beteko dituzte Bilboko kaleak. Erritmo kosmopolitak, grina, mugimendua eta alaitasuna. Desfileari hasiera emateko modurik onena Baly ager dadin.

40 gizon eta emakumeren ahotsez osaturiko San Anton abesbatza ere protagonista izango da. Desfilean beteranoak dira. Alfredo Hurtado de Saratxoren zuzendaritzapean, Baleari lagun egingo diote, urtero bezala, kamioneta ikusgarri baten gainean. Itsasoko familia luzeko aita Olagarroari eta seme Bisiguari bidea prestatuko diote musikaz abesbatzako kideek.

Guretzat fanfarrea etorriko da horien ostean. Musika banda hau 1983ko urtarrilean sortu zen. Bandaren fundatzaileak, Celestino López de Vergarak, Portugaleteko eta inguruko herrietako gazteak bildu zituen eta aukera eman zien beren esperientzia musikala zabaltzeko eta musika kalera eramateko, hots, kontserbatorio eta musika eskoletatik kanpo ateratzeko. Fanfarreak bidea prestatuko dio itsasoko familiako seinari, Txangurroari alegia.

Aurtengo edizioko bitxirik preziatuena Baly eta bere lagunak izango dira. Munduan zeharko bidaia egiten ari dira eta Bilbo ikusteko irrikaz daude pertsonaia eta figura erraldoi hauek.

FAMILIA HANDIA

Baly balea. Ama da, agertokian azaltzen den lehen pertsonaia. 12 metroko luzera eta 5 metroko diametroa duen puzgarri handia, ikusleei ura jaurtitzen diena.

Olagarroa. Aita da. 6 metroko altura eta 13 metroko diametroa duen pertsonaia. Emaztearen atzetik doa, mugitzeko erroak erabiliz.

Bisigua. Balearen eta Olagarroaren seme nagusia. 12 metro luze eta 5 metro altu da. Ahotik kea dario eta zakatzetatik arroza.

Txangurroa. Puzgarria hau 10 metro luze eta 8 metro zabal da. Pintzak erabiltzeko zamaketari bik pertxak erabiltzen dituzte. Beste 8 hankak berez mugitzen dira, animaliak modu naturalean duen mugimenduaren irudira. Zenbat-gura ur lainoztatu botatzeko gai da.

Hurrenkera desfilean
-La Banda del Surdo
-‘Baly’ Balea
-San Anton abesbatza. Kamioneta musikala
-Olagarroa
-Bisigua
-Guretzat fanfarrea
-Txangurroa
-Neptuno erregea
-Havannas
-Caballo Real basoan
-Gozolandia