Berriak

Musika-Música 2015 Jaialdia Barrokoari begira jarri da bere jenio bien bitartez: Haendel eta Bach

Haendel eta Bach Barrokoaren jenio handiak Bilbon martxoaren 6an, 7an eta 8an burutuko den Musika-Música 2015 jaialdiaren protagonistak izango dira. Bilbao 700 Fundazioak antolatuta eta Bilboko Udalak babestuta, Musika klasikoaren Jai handia Euskalduna Jauregian burutuko da, ‘Apasionados Haendel & Bach Pasioz beterik’ izenburupean.

Musika-Música jaialdiaren hamalaugarren edizio hau berriro ere Barrokoari begira jarri da. Horretarako, XVIII. mendeko lehenengo erdiko musikaren bilakaera eta maila erakusten dizkiguten aparteko bi musikari hauek gogoan izango dituzte. Haien bizitzaren alderdi ugaritan bat etorri ziren, izan ere, biak alemaniarrak dira, urte berean (1685) jaiotakoak, erlijio-fede bera ere partekatzen zuten eta haien bizitzen amaieran itsu geratu ziren. Hala ere, haien obrak oso desberdinak dira.

Haendelen musika alaia eta kosmopolita izateaz gain, jauregietan jotzeko prestatuta zegoen eta harrera ona eduki zuen publikoaren aldetik. Bachen kasuan, berriz, bere obra urriagoa da eta seriotasunez zipriztinduta dago, ordenaz eta jakinduriaz beteta agertzen da. Gainera, bere lanaren aitorpena heriotzatik ehun urte bete ondoren heldu zen.

Edward Schultz ingeles musikariaren arabera “Haendel eta Bach alemaniarrek baino ez dute benetako talentua”. Beraiei esker, martxoaren 6an, 7an eta 8an Euskalduna Jauregira musika barrokoaz gozatzera berriro hurbilduko direnek ondo pasatzeko aukera edukiko dute, izan ere, ‘Bach is Back’ izenburuko 2009ko ediziotik ez da Jaialdian entzungai egon.

Jatorriari eutsiz

Barrokoaren jeinu handi bi hauen musika bikaina Euskalduna Jauregiko aretoetan entzun ahal izango da, bere jatorrizko helburuei eusten dion ekitaldi-sorta honetan: musika klasikoaren eta bere interpretarien berri ematea eta zabaltzea nahiz publiko berriei helaraztea. Hala, Musika-Música jaialdia ezinbesteko hitzordu bihurtu da musikazaleentzat eta musika klasikoa ezagutu nahi dutenentzat.

musika2015-fb