Berriak

1874ko Bilboko Setioaren Egunkaria liburuaren argitalpena

Bilbao 700-III Millenium Fundazioa eta MUELLE DE URIBITARTE EDITORES argitaletxea elkarlanean aritu dira atzera ere Bilboko historian lebarik handienetakoa izan den gertakaria gogora ekartzeko irakurleei: karlisten 1874aren hasierako setioa, Manuel Maria de Gortazar bilbotar politikari, mezenas eta enpresaburuaren ikuspegitik baina.

Manuel María Gortázar Munibe Bilbon jaio zen 1824ko uztailaren 13an, urian sano errotutako familian. Santiago katedralean bataiatu zuten jaio zen egun berean. Bilboko Alkate eta Bizkaiko Ahaldun Nagusi izan zen, bere aita eta aitita legetxe. Zerikusi handia izan zuen kultur jarduera bultzatzen XIX. mendearen erdialdeko Bilbo hartan, uriko Antzoki berria sustatuta eta kargu handiak izanda erakunde zeharo bilbotarretan, Elkarte Filarmonikoan, Sociedad Bilbaínan eta Erruki-Etxean, berbarako. Garai hartako euskal artista handi biren babesle ere izan zen, Anselmo Guinearena eta Manuel Losadarena.

Enpresen sailean, finantza-erakunde, tren-konpainia eta itsas merkataritzako etxe zenbaiten akzioduna zen. Suezko Kanala zabaltzeko ekitaldian izan zen 1869an. Mundu osoan ezagunak ziren pertsonekin izan zuen tratua bere bizitzan, Eugenia de Montijorekin, konparazio baterako.

Foruak ezeztatutakoan, Probintziako Diputazio berriko lehenengo Presidente izatea onartu zuen. Bera izan zen 1878ko lehenengo Ekonomi Ituna Cánovas del Castillorekin negoziatu zuen batzordeko burua. Birritan ezkondua, Gortazarrek 11 seme-alaba izan zituen, 23 biloba, 78 birloba 113tik gora hereniloba eta laugarren belaunaldiko 11 iloba. Bediako etxean hil zen 1896ko urriaren 12an, 72 urteko zela.

Setiatutako uriaren taupadak

Azken karlistadan Bilbok nozitutako setioaren gainean Manuel María de Gortazarrek idatzitako eguneroko epistolarrean setiatzaileen erasoen zerrenda zehatza agertzen da: zenbat jaurtigai bota zituzten eta zenbat etxek eta lagunek jasan zituzten kalteak bonba horien ondorioz.

Garai hartako Bilbo eta bilbotarrak zelakoak ziren islatzen da liburuan modu sinesgarrian. Murrizketek eta artilleriaren kera bako erasoek eragindako egoera gorabehera, bilbotarrek ez zituzten bertan behera utzi euren ospakizunak, euren etxeetan hartzen zituzten etxe edo baliabide barik geratu zirenak. Umeek olgetan jarraitu zuten, ziboetan, kantuan eta barrabaskerietan. Esan daiteke Bilboko setioak estutu egin zituela familien eta auzokoen arteko hartu-emanak eta bilbotarrek adoretsu eutsi ziotela goiari.

BILBAÍNOS RECUPERADOS bildumako liburu honek, Gortazarren egunerokoa ez eze, beste hauek ere biltzen ditu: 1874ko zezeilaren 21etik maiatzaren 1era bitartean arerioek jaurtitako tiroen kopurua, jan-edarien, euren artean “zaldikiaren”, “arratoi errearen” edo “katu errearen” prezioak eta kalte larriagorik gerta ez zedin Valdespinako Markesak errenditzera gonbidatuz bidalitako gutuna eta soldadu karlisten buruari Gortazarrek emandako erantzuna.

Liburuaren egilea

BILBAÍNOS RECUPERADOS bildumako liburu berri honen egilea María Jesús Vergara Serrano bilbotarra da, Filosofia eta Letretan (Historia atalean) lizentziaduna Madrileko Unibertsitate Konplutentsean. Trantsizio garaian “El Sitio” elkarte historikoaren berrikuntza bultzatu zuen bilbotar intelektualen taldekoa da eta aurreneko Zuzendaritza Batzordeko kidea. Arte Ederren Museoko, Euskal Museoko, Círculo Vasco Elkarteko eta Bilboko Koral Elkarteko zuzendaritza-batzordeetan ere hartu du parte. Bilboko setioari eta garai hartako gizarteari buruzko azterlan historikoa ere egin du eta ohiko kolaboratzaile dugu zenbait komunikabidetan. Irakasle jardun du Bilboko Santa Teresa eta La Pureza ikastetxeetan eta Getxoko Irakaskuntza Ertaineko Institutuan.

Sakatu hemen liburua erosteko Bilbao 700-en bidez

image001