Berriak

Kurt Elling eta BOS izango dira amaiera biribila emango diotenak 365 Jazz Bilbao zikloari, kontzertu bi eskainita azaroaren 6an eta 7an

Kurt Elling-ek eta Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) ezin ahaztuzko kontzertu bi eskainiko dituzte “365 Jazz Bilbao” zikloari amaiera emateko denboraldi honetan. Euskalduna Jauregian izango dira “Jazz Gaua” izeneko kontzertuok, azaroaren 6an eta 7an, 19:30ean.

BOS genero honetara murgilduko duten emanaldi bietan Kuwait-eko Nabil Shehata izango da zuzendaria. Paul Simon, Duke Ellington, Eden Ahbez eta Betty Carter-en lanak eskainiko dituzte, besteak beste. 

Kurt Elling + Bilbao Orkestra Sinfonikoa (BOS)

  • Azaroaren 6an eta 7an (eguena eta barikua), 19:30ean
  • Euskalduna jauregia

Sarrerak Kutxabanken sarean eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan daude. Informazio gehiago www.365jazzbilbao.com web gunean eta Bilbao 700 Fundazioaren bulegoetan (Zabalgune plaza 11, 1. solairua).

Kurt Elling

Kritikari ugariren ustez, une honetako jazz abeslaririk garrantzitsuena da. Bere baritono ahotsak lau zortzidun hartzen ditu eta teknika harrigarria erakusten du emanaldietan eta inprobisazioetan. Nagusitasun tekniko handia dauka maila erritmikoan, tinbrikoan, dinamikoan eta fraseatzean, eta hurbilago dago instrumentista birtuosoaren eredutik ohiko abeslariaren eredutik baino.

Kurt Elling-en ezaugarri teknikoei eta estilistikoei esker artista paregabea da, baina berak argi eta garbi onartzen dituen eraginen artean Mark Murphy abeslaria eta Chet Baker abeslari eta tronpetista daude. Horrez gain, Elling-ek lan handia egiten du Chicago hiriko Steppenwolf antzokirako diziplina anitzeko antzerki-lanak idazten eta National Academy of Recording Arts and Sciences erakundeko kidea da. Grammy sarietarako hautagai izan da lau aldiz ‘Ahots-jazzeko albumik onena’ kategorian (‘Close your eyes’, ‘The messenger’, ‘This time it’s love’ eta ‘Nightmoves’ lanengatik), ‘Down Beat’ eta ‘JazzTimes’ aldizkarietako irakurleek ‘Jazz abeslaririk onena’ izendatu dute hiru urtez jarraian, eta munduko jazz jaialdirik garrantzitsuenetan aritu izan da.

Bilboko Orkestra Sinfonikoa (BOS). Orkestrak 1922ko martxoaren 8an eman zuen bere lehen kontzertua, Arriaga Antzokian, Armand Marsick-en zuzendaritzapean. Sortu zenetik, zuzendari titular garrantzitsuak izan ditu: Armand Marsick, Vladimir Golschmann, Jesús Arámbarri, José Limantour, Antoine de Babier, Rafael Frühbeck de Burgos, Alberto Bolet, Pedro Pirfano, Urbano Ruiz Laorden, Theo Alcántara eta Juanjo Mena. 2008ko uztailaz geroztik Günter Neuhold da orkestraren zuzendari titular eta artistikoa.

2003ko uztailean, Valery Gergievek BOS gonbidatu zuen, Juanjo Menaren zuzendaritzapean, San Petersburgoko Mariinski antzokian aritzeko, hiriaren 300. urteurrena ospatzeko ekitaldietan. Kontzertu horrek berebiziko garrantzia izan zuen orkestraren nazioarteko proiekzioan; izan ere, sarritan gonbidatzen dute Nanteseko Les folles journées eta Marseillako La Roque D’Antheron jaialdietan.

Nabil Shehata. Nabil Shehata Kuwait-en jaio zen eta bere gurasoen arbasoak alemaniarrak eta egiptoarrak ziren. Orkestra ospetsuek sarritan gonbidatzen duten bakarlari modura aritzeko, adibidez Bavariako Irratiko Orkestra Sinfonikoak, Lisboako Gulbenkian Orkestrak, Bremer-eko Filarmonikoak eta Munich-eko Ganbera Orkestrak. 2008an bakarlari modura egin zuen debuta Berlingo Orkestra Filarmonikoarekin, Daniel Barenboim zuzendari zela, eta hurrengo urtean Vienako Musikverein aretoan aritu zen bakarlari modura. Mozarten “Der Diener zweier Herren” lana arrakasta handiz ekoiztu ondoren Munich-eko Ganbera Operarekin 2011n, zuzendari titular izendatu zuten une hartan. Ordutik hona, ekoizpen eta kontzertu berezi guztiak zuzentzen ari da, adibidez Gustav Mahler-en “Lurraren abestia”, Waltraud Meier eta Robert Gambill-ekin, 2012ko abenduan.