Berriak

James Room taldeak Bilbon joko du ekainaren 27an eta 28an

 Ekainaren 27an (barikua) eta 28an (zapatua), 23:00etan, Indautxuko Silken hotelera hurbiltzen direnek aukera izango dute James Room-en kontzertua entzuteko. Azken urteotan, musikari, musikagile eta kantari hau hainbat eszenatokitan aritu da, Rain ‘Dog’ Arsuagak eta Rubén Cuadrado bateria-jotzaile eta perkusionistak babestuta. Hirukote indartsua osatuz, zuzeneko emanaldi ikusgarri eta zirraragarriak eskaini dituzte eta horietan abesti sendo eta indartsuak eta intimoak tartekatu izan dituzte.

Oraingoan, norabidea aldatu eta soinu gordinagoei bide eman die Weird Antiqua lanean. Horretarako, Indigo L. Agudo, Gabriel ‘Brown’ León eta Aitor ‘Son’ Zorriketaren laguntza baliotsua izango du. Hitz gogorrak eta tabernetako usaina darien doinuak, denboragabeak eta hunkigarriak, horiexek dira bere ezaugarriak. Abesti latzak eta sakonak, ahots indartsu eta berezi-bereziarekin abestuta.

Indigo L. Agudo Diziplina askotako musikaria, autodidakta. James Room & Angry Red eta Wicked taldeetako bateria-jotzailea, hala estudioan nola zuzeneko emanaldietan. Gaur egun, James Roomentzako jotzeaz gain, Quaoar taldeko gutarra-jotzailea, konpositorea eta ahots nagusia da. Talde horrek zenbait lehiaketa irabazi ditu, ‘Leioa Pop Rock’, ‘Barakaldo Pop Rock’ eta ‘XXIV Bilbo Hiria” esaterako. Horrez gain, Euskal Herriko hainbat musikarirekin lankidetzan jardun du, eta belarri ona izatea lagungarri izan du zenbait disko ekoizteko. Rock-eko kantaririk onenaren saria ere irabazi du zenbait irratitan.

Gabriel ‘Brown’ León Baxu- eta kontrabaxu-jotzailea. Venezuelako umeen eta gazteen orkestren sistematik dator eta 2003a ezkero, Bilboko orkestra sinfonikoko kidea da. Moldaerraza. Prestakuntza musika klasikoa izan badu ere, pop rock-a, funky-a, metala, saltsa, ska, blues-a, jazz-a ere ezagun ditu… Munduko kontzertu-areto onenetan zein taberna zuloetan jotzeko gaitasuna dauka, musika klasikoa zein heavy-a; horrelakoxea da Gabo ‘Brown’.

Aitor ‘Son’ Zorriketa Gitarra- eta baxu-jotzailea. “XXV. Bilbo Hiria” lehiaketan gitarra-jotzailerik onenaren saria eman zioten. Biolina eta pianoa izan zituen lagun txikitan, baina gitarra-jotzaile egin zen. Azken hamarkadan zaildua, hainbat estilo jorratu eta zenbait taldetan jardunda: Gazte (heavya), I killed Mysef (Death metal hardcorea), Sr. Lagartoren funk fusion-a eta mugarik gabe eta ezer espero gabe baxua hartu musika egiteko; horiek guztiak probatu eta landu ditu. Erronka berriei aurre egin nahian, bat egin du James Roomekin, Weird Antiqua-ri itxura emateko.

‘365 JAZZ BILBAO’ 


James Room – Silken Indautxu hotela.
Ekainaren 27an (barikua) eta 28an (zapatua) 
Indigo L. Agudo (bateria) + Gabriel ‘Brown’ (baxua eta kontrabaxua) + Aitor ‘Son’ Zorriketa (gitarra eta baxua). 
23:00etan. (Tragoa hartu behar da kontzertua entzuteko).