Berriak

Gure Fundazioak poeta, historiagile eta genealogista izandako Fernando de la Quadra Salcedoren omenezko liburua argitaratu du

Beste behin, gure Fundazioa eta MUELLE DE URIBITARTE argitaletxea berriro batu dira XX. mendeko hasierako bilbotar gailen eta originalenetarikoaren obra berriro irakurri eta egilea bera gogoan izateko, hain zuzen ere, Fernando de la Quadra Salcedo y Arrieta Mascarua poeta, historiagile eta genealogista.

1889ko abenduaren 30ean Gueñesen jaioa, gazte-gaztetik etorri zen Bilbora bizitzera. Bertan ibili zen abokatu, kazetari eta hizlari moduan lan gogorra egiten.

1916an ‘Idearium’ aldizkaria sortu zuen, Arte Ederretako Zirkuluak eta Bilboko Ateneoak argitaratuta. Horretan idatzi zuten euskal pentsalari gailen batzuk, esate baterako: Miguel Unamuno, Telesforo Arantzadi, Pablo Zamarripa, Luis Arakistain, Arturo Campion, Juan de la Encina, Resurreccion Maria Azkue edo Joaquin Zuatzagoitia.

De la Quadra Salcedok historiari buruzko monografia grinatsuak egin zituen: ‘El castillo de Butrón’, ‘Los vascos del Renacimiento. Trátase de lo que hicieron en el Sacrosanto y ecuménico concilio Tridentino’, ‘Fuero de las M. N. y L. Encartaciones’, ‘Ensayo sobre el renacimiento vasco’edo ‘La primera vuelta al mundo. Participación de Vizcaya en la expedición del Cano’. Gainera, hainbat artikulu idatzi zituen ‘Vida vasca’, ‘Euskalerriaren alde’, ‘Euzkadi’, ‘Hermes’ eta garai hartako beste argitalpen batzuetan. Hari buruz Julio Urkixok esan zuenez, herriarenganako hain maitasun handia zeukan “ezen euskal gaiak ikusmena handitzeko lenteekin begiratzen zituen”.

Genealogiaren zaletua izanik, historikoki Europako errege-etxeei lotutako familia baten kidea izan zen. Hori dela eta, bere burua ezagutzen dugun Nafarroako lehenengo erregea izandako Eneko Aritzaren ondorengotzat jotzen zuen eta, ildo horretan, bere burua Nafarroako eta Andorrako Printzerriko koroaren oinordeko legitimoa zela aldarrikatu zuen. Pío Barojak De la Quadra Salcedori buruz esaten zuenez, “Erromako lnperioan zituen arbasoei buruz hitz egiten zuen, beste edonork bere jaioterriko senideei buruz hitz egin dezakeen bezala”.

Hala ere, Fernando de la Quadra Salcedo euskal unibertsitatea sortzearen alde azaldu zen 1923ko abenduan egindako hitzaldi gogoangarri batean. Horretan, Peñafloridako kontearen eta Azkoitiko zalduntxoen tradizio ilustratua eta zentzu praktikoa gogora ekarri zituen.

Halaber, 1931n ‘Defensa de la obra de los vascos. ¡Cavernícolas, cavernícolas!’ izenburuko liburua argitaratu zuen, Errepublikaren Gorteetan euskal alderdien gutxiengoak jasotzen zituen eraso gogorren kontra. Bere 60 orrialdeetan historiaren eta, zehatz-mehatz, euskal historiaren ezagutza ia akademikoa erakutsi zuen, euskal herritarrek Gizadiaren aurrerapenari egindako ekarpen handien bilduma osatu baten bitartez.

Zoritxarrez, 1936ko gerraren hasierak behin betiko zapuztu zituen ehundaka mila pertsonaren ametsak, besteak beste, Fernando de la Quadra Salcedorenak. Heldutasun intelektual handiko une batean hil zen, “Folletos históricos y de actualidad” izenburuko argitalpen-bilduma egiten zebilenean, hura amaitzeko ale bi baino ez zirenean falta. Julio Caro Barojak idatzi zuenez, “haren heriotza tragikoa ez zen bat etorri zeukan izaera apalarekin”.

Liburuaren egilea

BILBAINOS RECUPERADOS bildumaren ale berri honen egilea Jose Ramon Blanco da. Arlo juridikoaren ibilbide profesionalarekin batera –epaile gisa jubilatu arte– literatura jorratu du, olerkigile, narratzaile, biografo eta itzultzaile gisa.

Jose Ramon Blanco Leonen jaio zen eta txikitatik Bilbon bizi izan da. Zazpi olerki-libururen egilea da: ‘Árbol joven y eterno’ (1971); ‘Fábula de Ariadna y Teseo y otros poemas’ (1974), ‘La barca de antaño’ (1976), ‘Perséfone desde el río’ (1980), ‘De Nagor a Delos’ (1984), ‘Poemas de los lagos’ (Alonso Ertzilla Sariaren akzesita, 1987), eta ‘Las Hadas de Añisclo’ (Finalista Leongo Probintziaren XII. Biurteko Poesia Lehiaketan).

1980ko hamarkadaren amaieran narrazioan eman zituen lehenengo pausuak, ‘La espada recuperada’ (2007) ipuin-bilduma argitaratuta, hurrengo hiru eleberri hauekin batera: Una vida breve’ (1988), ‘La montaña de algodón’ (1991) eta ‘Como la luna de enero’ (2012).

Bidaia bizipen mistikotzat eta gizakiaren bizitzaren metaforatzat hartuta, Blancok Cesar Borgiaren biografia, ‘Poesía en Bilbao’ antologia eta egile-eskubideari buruzko ‘El drama de los creadores’ entsegua egin zituen.

Halaber, munduko egile handiak gaztelaniara itzultzeko lan nabarmena egin du, esate baterako, Elizabeth Barrett Browningen ‘Sonetos de la Portuguesa’, Lord Byronen ‘Poemas de amor’ eta William Schakespeareren ‘Canciones y poemas’.

BILBAINOS RECUPERADOS bildumaren barruan, Jose Ramon Blancok 2012an ‘Ramón de Basterra. El Resplandor de la locura’ izenburuko monografia argitaratu zuen, Eugenio D’Orsek “garai hartako Espainiako poetarik onena” zeritzon idazle haren omenez.