Berriak

Gintonic taldeak Bilbon joko du ekainaren 6an eta 7an

Ekainaren 6an (barikua) eta 7an (zapatua), 23:00etan, Bilboko Hesperia hotelera hurbiltzen direnek aukera izango dute Gintonic taldearen kontzertua entzuteko. Talde honek jazza eta rocka egiten ditu baina beste era batzuetako musikaren eragina ere nabari zaio.

Taldea 2008an sortu zen Getxoko Musika Eskolaren barruan eta euren abestietan inprobisazioaren eta idatzizko moldaketen arteko oreka bilatu nahi izan dute. Emaitza, musika freskoa eta irmoa, era askotako ikusleen gustukoa. Taldeko kideek musikaren arloan ibilbide luzea egina dute eta Euskadiko musika-irakaskuntzako zentroetan ematen dituzte eskolak. 2012an lehenengo CDa argitaratu zuten 13 abesti berrirekin.

‘365 JAZZ BILBAO’ zikloaren barruan, Bilbao 700 Fundazioak jazz musikako programazio egonkorra NH Villa de Bilbao, Hesperia Bilbao eta Silken Indautxu hoteletara zabaldu du. Kontzertuak bariku eta zapatu gauetan eta dohainik izango dira; tragoa hartzea nahikoa izango da kontzertuaz gozatzeko.

Mario Clavell Larrinaga. Taldearen sortzailea da. Prestakuntza klasikokoa, kontzertuak eman ditu Europako, Ameriketako eta Asiako hainbat herrialdetan. Dozena bat disko baino gehiago grabatu du, Erdi Haroko musikan hasi eta Rock-eraino dauden soinuekin. Irakaslea izan da Musikenen eta une honetan Getxoko Musika Eskolan dihardu. Danborjleak ganbera-musikako taldeko kidea da.

Rubén Gaubeca. Prestakuntza klasikoa jasotzen ari zela, joera modernoak ikertzen hasi zen, ez bakarrik pianoan, baita beste teklatu batzuetan ere (organoa, sintetizatzaileak…). Gazte zela soul-a eta funk-a ezagutu zituen eta horren ondorioz, hainbat taldetan jo zuen, Soulfingers eta Puretones taldeetan, esaterako. Duela gutxi hasi da Gintonic taldean eta berari esker, taldearen soinua erabat aldatu da, funk-era begira jarri baita.

Marcelo Hormaechea. 80ko hamarkadan hasi zuen bere ibilbidea Rufus talde mitikoan. 90eko hamarkadan bertsioak egiten zituzten talde batzuetan parte hartu zuen eta Ganbarako kide izan zen. Geroago, jazz ikasketak egin zituen lau urtez, Ion Pirisekin. Une honetan Gintonic, Rufus eta Puretones taldeetako kidea da. Baxuaren eta musikako aplikazioen irakasle estimatua da.

Gorka Díez. 16 urterekin hasi zen perkusioa ikasten. Garai hartan El asunto tornasol izeneko taldean jo zuen. Londreseko College of Music eskolan hasi zen ikasketak egiten, han Bamus eskuratu zuen Jazz Performance and Compositions arloan eta Londresen ere jo zuen Eddie Harvey-ren Big Band taldean, besteak beste. Une honetan Ingalaterra eta Espainia artean bizi da, hango eta hemengo taldeekin jardunez. Irakasle ere bada eskola batzuetan.