Berriak

Gau Flamenkoen zikloaren barruan, Pepe Habichuelak emanaldia eskainiko du maiatzaren 31n Bilboko Silken Indautxu Hotelean

Bilbao 700 fundazioa hoteletako flamenko-kontzertuak antolatzen hasi zen berriro otsailean, gure hirian flamenkozaleak asko direla jakinda. Bilbao Flamenco elkartearekin batera programatu dira “Gau flamenkoak” izeneko zikloko kontzertuak. Zikloa iaz hasi ziren antolatzen eta 2013an jarraipena izango du.

Zikloko lehenengo emanaldia Miguel Lavik eman zuen otsailaren 8an; ondoren, otsailaren 22an, Oscar Herrero gitarra-jotzaile madrildarra izan genuen; apirilaren 5ean, Fernando de la Morena flamenko-kantaria eta apirilaren 19an, Huelvako Regina flamenko-kantaria. Oraingo honetan Pepe Habichuela izango dugu gure artean maiatzaren 31n, Silken Indautxu hotelean.  Kontzertu guztiak 22:00etan hasten dira eta doakoak dira, baina giro flamenkoan tragoa hartu behar da kontzertua entzun ahal izateko.

Ikusle bilbotarrek behin baino gehiagotan izan dute aukera Pepe Habichuelaren arteaz gozatzeko. Azkena, iaz izan zen, Bilbao Flamenco Jaialdiaren barruan Enrique Morenteri eskaini zitzaion omenaldiaren barruan. Oraingo honetan Tamara Escudero flamenko-kantaria eta Juan Carmona perkusionista izango ditu ondoan.

Pepe Habichuela (Granada, 1944), Jose Antonio Carmona Carmonaren izen artistikoa da.

Hirurogeita hamarreko hamarkadan flamenkoa eraberritu zuen belaunaldikoa da, gaur egungo gazte flamenkoei bidea ireki zienetako bat eta aldi berean, zabalkundea eman ziona flamenkoari, gaur duen itzala izan arte. Bide hori handietan handienen ondoan egin zuen Habichuelak, besteak beste, Paco de Lucía, Camarón de la Isla, Enrique Morente eta Manolo Sanlúcar izan baitzituen bidaide.

Carmona-Habichuela klaneko kidea, Granadako maisuak Tío Sabicas eta Mario Escuderorengandik ikasi zuen eta, gerora, ikasitako hori  Josemi Carmona semeari eta Ketama taldeko bere lobei, Raimundo Amadorri eta José Soto ‘Sorderita’-ri, transmititu zien.

Musika flamenko tradizionalaren ezagutza sakonari, bere sormen eta  laguntzarako zein kontzerturako gitarraren duen iaiotasunari esker, gaur egun flamenkoaren arloan dagoen artistarik aipagarrienetakoa eta originalenetakoa dugu. Era berean, gitarra hain ondo menperatzen duenez, bere konposizioak freskoak eta naturalak dira, purismo handiz jotakoak.

Grabazio aipagarrienak 

Flamenko-kantari ugarirekin jo izan du bere karrera luze eta jorian, besteak beste,

Marchena, Valderrama, Camarón eta Enrique Morenterekin. Azken horrekin, hain zuzen ere, bikote artistikoa osatu zuen luzaroan eta bien artean lan gogoangarriak utzi dizkigute, ‘Homenaje a Don Antonio Chacón’ eta ‘Despegando’ (biak 1977koak), edota ez hain aspaldikoa, 1992koa, ‘Negra si tú supieras’, batzuk aipatzearren.

Bakarlari-lanetan, Nuevos Medios diskoetxearekin grabatu zuen lehen artista flamenkoa izan zen Pepe Habichuela. Bere lehenengo diskoa, ‘A Mandeli’ (1983) mundo osoan banatu zen eta bigarren CDa, ‘Habichuela en rama’ (1997), José Miguel Carmona semearekin elkarlanean egin zuen. Hirugarrena, ‘YerbaGüena’ (2001), gogoangarria izan zen, Bangaloren (India), Bartzelonan eta Madrilen grabatu zelako Indiako The Bollywood Strings orkestrak lagunduta, eta flamenkoaren eta Indiako musika klasikoaren arteko fusio naturalaren goren maila erakusten duelako. “Hands” da bere azken proiektua, Dave Holland jazzeko baxu-jotzailearekin egin duena eta Europan eta Ameriketan zehar bira egitera eraman duena.

Programa
Maiatzaren 31, barikua, 22:00etan: SILKEN INDAUTXU HOTELA (Etxaniz Suhiltzailearen plaza, z/g)

PEPE HABICHUELA (Granada)
Tamara Escudero (Kantaria)
 Juan Carmona (Perkusioa)