Berriak

Tigran Hamasyan-ek zabalduko du ‘365 JAZZ BILBAO’ zikloaren denboraldi berria

Tigran Hamasyan pianista armeniarra otsailaren 4an arituko da Campos Eliseos antzokian. Hamasyan-ek zabalduko du ‘365 Jazz Bilbao’ zikloaren denboraldi berria aretoetan.

Gaztea izan arren, jazzaren figura handiak harritu ditu eta denek iragartzen diote ibilbide luze eta oparoa. Joan den udazkenean diskoa estreinatu zuen (Shadow Theater) eta sari eta aipamen ospetsuak jaso ondoren, orain Bilboko Campos Eliseos antzokira dator miresmen horren zergatia azaltzera.

2014ko edizioaren lehen zatia izen handiekin beterik dator. Bilboko aretoetatik igaroko dira onenak, esaterako: aipatu dugun TIGRAN HAMASYAN (otsailaren 4a), GREGORY PORTER Kaliforniako kantari bikaina (martxoaren 12a), ROY HARGROVE tronpetistaren ROY HARGROVE QUINTET (apirilaren 23a) eta Luisianako TERENCE BLANCHARD tronpetista, konpositore eta moldatzailea (maiatzaren 27a).

TIGRAN HAMASYAN www.tigranhamasyan.com

  • Otsailaren 4a, martitzena, 20:00
  • Campos Eliseos antzokia. Prezioa: 6 €

Artistari buruz…

TIGRAN HAMASYAN da mundu guztiak ahotan darabilen pianista. Armeniako familia bateko semea da eta Estatu Batuetara joan ziren berak 16 urte zeuzkanean. Tigran urte birekin hasi zen pianoarekin esperimentatzen, zazpi urte zeuzkanean jazzarekin eta hamahiru urterekin hartu zuen parte lehenengoz jazz jaialdi batean. 2003an, hamasei urterekin, lehen saria eta ikusleen saria irabazi zituen Montreux Jazz Solo Piano Competition lehiaketan. 2011n ‘A Fable (Verve) argitaratu zuen, pianoan bakarlari moduan egindako lehen diskoa eta Frantziako ‘Victoires de la Musique’ saria jaso zuen, Frantziako saririk garrantzitsu eta ospetsuenetako bat, Frantzian ekoitzitako Nazioarteko Albumik onenari.

Tigran gaur egungo jazzaren erreferentziarik sendoenetako bat bihurtu da bere zuzenekoei esker; izan ere Brad Mehldau eta Herbie Hancock bezalako musikariak txundituta geratu dira. Orain boskotean egindako disko berri batekin dator, Shadow Theater (Verve).

Informazio gehiago eta egitaraua HEMEN>