Berriak

John Abercrombie Quartet izango da ’365 Jazz Bilbao’ zikloaren denboraldi honetako bigarren zatiari hasiera emango diona

`365 Jazz Bilbao’ zikloaren aretoetako zortzigarren denboraldia urriaren 6an (martitzena) abiatuko da Bilboko Elkarte Filarmonikoan, 20:.0etan, jazzaren munduan urte mordoa daraman laukotearekin. The Abercrombie Quartet izango da egin-eginean ere, Bilboko aretoetako kontzertuei hasiera emango dion taldea. New Yorkeko John Abercrombie da liderra, honelaxe zioena behin elkarrizketa batean: “nahiko nuke jazzaren alorreko gitarrarekin zuzeneko lotura duen norbait bezala ikus nazatela, muga musikal zenbait gehituta”.

40 urtetik gorako ibiliarekin eta ia 50 albumekin, ohiz besteko soinuak dituen jazzeko maisua da gitarra jotzen. Ikertzaile nekagaitza, jazzaren tradizioan dihardu lanean bihotz eta arima. Gaur egun, hainbat eta hainbat emanaldi eskaini eta bira egiten ditu. ECM etxearekin jarraitzen du grabatzen, azken 30 urteotako harremanari segida emanez.

THE ABERCROMBIE QUARTET
URRIAREN 6ab, martitzena, 20:00etan www.johnabercrombie.com

Bilboko ELKARTE FILARMONIKOA. Prezioa 6 €

John Abercrombie. . 14 urterekin hasi zen gitarra jotzen eta intera hartako gaztetxo askoren moduan, Chuck Berry imitatzen zuen. Edozelan ere, jazzera Barney Kessel-en bluesak eroan zuen. 1962an Berklee-n matrikulatu eta graduatu ondoren New Yorkera joan zen. Han agudo bihurtu zen tira handiko hiriko jazz musikari bikain.

Instrumentista birtuosoa eta sortzailea; gitarra ez eze, baxu elektrikoa eta jazzean nekez erabiltzen den instrumentu berezia ere jotzen zuen: mandolina elektrikoa. Gerora, laukotean jotzeari ekin zion eta 3 album grabatu zituen ECM etxearekin: ‘Arcade’, ‘Abercrombie Quartet’ eta ‘M’ Richie Beirach piano-jotzailearekin, George Mraz baxu-jotzailearekin eta Peter Donald bateria-jotzailearekin. Artistak berak gogoratzen duenez, garai hartan norbere taldea edukitzea, norbere bandaren liderra izatea gauza benetan garrantzizkoa zen berarentzat.

Eta bere bigarren taldea hirukotea izan zen: bera, Marc Johnson baxu-jotzailea eta Peter Erskine bateria-jotzailea. Orduan esperimentatu zuen aurrenekoz gitarra-sintetizadorearekin. 3 album plazaratu zituen talde horrekin: ‘Getting there’, ‘Current events’ eta ‘John Abercrombie, Marc Johnson &Peter Erskine’.

90.eko hamarkadan eta 2000an ere aurrendari izaten jarraitu du. Hainbat artistekin hartu du parte grabazioak egiten eta duetoak osatzen, Ralph Towner gitarra-jotzaile, piano-jotzaile eta musikagilearekin esaterako edota John Scofield-ekin 1993an. 2007an, berriz, Joe Beck-ekin. Jan Garbarek saxofoi-jotzailearekin eta Eddie Gomez baxu-jotzailearekin ere grabatu du.