Berriak

Tony Allen ospetsua, Afrobeat generoaren fundatzailea, Bilbora etorriko da ‘365 Jazz Bilbao’ zikloaren eskutik

365 Jazz Bilbao zikloaren zortzigarren denboraldia inoiz baino indartsuago dator. Zara McFarlanek eman zuen lehen kontzertuaren ondoren, martxoaren 11n Tony Allen bateria-jotzaile afrobeat ospetsuak joko du Campos Elíseos antzokian. Nigeriako musikariak ekarri zituen Afrikako erritmoak eta opo musikaren etorkizuna aldatu zuen, eta 50 urteko ibilbidean kontinente osoko ikuspegi musikala goitik behera aldatu du, nazioarteko behin betiko onarpena eskuratu baino lehen.

Jazzik onena Bilbora itzuliko da Bilbao 700 Fundazioaren eskutik eta kontzertu paregabeak izango dira urte osoan. Horrela, bada, atzerriko artista ospetsuek eta estatuan sendotuta dauden taldeek uriko aretoak eta hotelak beteko dituzte honezkero fidela den ikuslegoa asebetetzeko. Izan ere, kontzertu hauek aukera kultural garrantzitsua bihurtu dira.

Tony Allen

  • Martxoaren 11, eguaztena, 20:00
  • Campos Elíseos antzokia. Prezioa: 6 €

Tony Oladipo Allen (Lagos, 1949) Afrikako perkusio tradizionalera hurbildu zen Nigeriako irrati nazionalean teknikari-lanetan zebilenean; orduan interesatu zen zuzenean bateriaren inguruan. Benetako autodidakta da, eta teknika berri bat asmatu zuen Art Blakey eta Max Roachen diskoak entzuten.

1960ko hamarkadaren erdian Fela Anikulapo Kuti ezagutu zuen. Hura Ingalaterratik etorri berria zen Trinity College of Music eskolako diplomarekin eta goitik behera aldatu zuen Tony Allenen patua. Bien arteko lankidetza luzea eta oparoa Koola Lobitos highlife taldean hasi zen. Gero, Afrikako musikarentzat erabakigarria izan zen norabide berria hartu zuen eta afrobeat-aren hazia erein zuen; estilo iraultzaile horrek yoruba erritmoak, funk instrumentala, teoria panamerikanistak eta Black Panthers taldearen erretorika uztartzen ditu.

Tony Allenen gainerako ibilbidean izan dira jatorrizko afrobeat-ari zion leialtasuna eta norabide anitzeko emantzipazioa: dub-etik pop-era, space jazzetik igarota. Bere ibilbide luzean eszena independenteko artistekin aritu izan da: Charlotte Gainsbourg, Sébastian Tellier edo The Parrish, bai eta Randy Weston, Grace Jones edo Joe Lovano ere.