Berriak

‘Claudio Constantini Quintet’ izango da hoteletako denboraldiari hasiera emango diona, tangoa eta jazza uztartuta

Irailaren 25ean (barikua) eta 26an (zapatua), 23:00etan,  ‘Claudio Constantini TangoJazz Quintet’ taldea izango da Silken Indautxu hotelean. Atzerrian ere oso ezaguna den Claudio Constantini bandoneon-jotzailea da taldeko liderra. Finkatuta dauden bi genero batzea da talde honen proposamena; emaitza, berriz, musika indartsua bezain dinamikoa eta berria.

Estatuko jazz musikaririk onenetarikoak dira taldekideak. Boskote honen musika barren-berrenekotik abiatu eta erabat lehergarria izatera lerratzen da, uztartutako mundu bi horien, tangoaren eta jazzaren, sentsazioak sortu eta irudiak gomutarazita. Musika bitzuak garai berean eta antzeko inguruabarretan sortu ziren, euren jatorriko hiriek ate-zabalik izanik, Buenos Airesen, Montevideon zein New Orleansen nagusitzera ausartzen zen zein-nahi eragin jasotzeko.

Claudio Constantini taldeko liderrak taxututako musika jotzen dute. Bandoneon-jotzailerik ezagunenetakoa da hemen eta atzerrian. Proiektu honetan, musikari zailduak eta kalitate handikoak ditu bidelagun: Federico Lechner piano-jotzailea, Toño Miguel kontrabaxua, Hernan Hock gitarra elektrikoarekin eta Andrés Litwin bateria jotzen.

‘365 JAZZ BILBAO’ zikloaren barruan, Bilbao 700 Fundazioak jazz musikako programazio egonkorra NH Villa de Bilbao, Hesperia Bilbao Campo Volantin eta Silken Indautxu hoteletara zabaldu du. Kontzertuak bariku eta zapatu gauetan eta dohainik izaten dira; tragoa hartzea nahikoa izango da kontzertuaz gozatu ahal izateko. 

‘365 JAZZ BILBAO’

Claudio Constantini TangoJazz Quintet- Silken Indautxu hotelean.

Irailaren 25ean (barikua) eta 26an (zapatua)

Federico Lechner (pianoa) + Antonio Miguel (kontrabaxua) + Hernán Cock (gitarra elektrikoa) + Andrés Litwin (bateria) + Claudio Constantini (bandoneona & konposizioak) 23:00etan. (tragoa hartu behar da kontzertua entzuteko).