Berriak

BILBAO 700 FUNDAZIOAK MARTXOAREN 2AN, 3AN, 4AN ETA 5EAN EGINGO DU MUSIKA-MÚSICA JAIALDIA BILBON

• Mahler, Dvořák, Smetana eta Janáček Txekiako Bohemia eskualde inguruko ordezkariak izango dira Musika-Música 2017ko protagonistak.

• Edizio honetako kartela Haizea Garcíak sortutakoa da, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU-UPV) Arte Ederretako Fakultateko ikaslea.

• Lehendabiziko kontzertua, ostegunean, martxoak 2, izango da, 20:00etan, Euskalduna jauregiko entzunaretoan. Bertan arituko dira BOS eta Bilboko Koral Elkartea, eta María José Montiel eta María Espada sopranoak, Yaron Traub zuzendariarekin batera.

Bilbao 700 Fundazioak Bilboko Udalaren laguntzarekin antolatzen duen Musika-Música Jaialdiaren hamaseigarren edizioa martxoaren, 2an, 3an, 4an eta 5ean egingo da Bilbon.

Musika klasikoko nazioarteko ekitaldi hau Euskalduna Jauregian ospatuko da eta Txekiako Bohemia eskualdeko ordezkari diren Gustav Mahler, Antonín Dvořák, Bedrich Smetana eta Leoš Janáček musikariak izango ditu protagonista.

Aurtengo nobedadeen artean, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultatearekin lankidetza aipatu behar da kartelaren sormenari dagokionez. Horrez gain, aurten Auzoz-Auzo zikloa programatuko da berriro, partaidetza bidezko jarduera ugarirekin. Adin guztietako entzuleentzat izango dira eta Bilboko zortzi barrutietan egingo dira. Laster iragarriko dira Auzoz-Auzo zikloko kontzertuen zehaztasunak eta Musika-Música jaialdiko 2017ko edizioko kartela.

Lehendabiziko kontzertua martxoaren 2an, eguena, izango da, arratsaldeko 20:00etan Euskalduna Jauregiko entzunaretoan. Bertan arituko dira BOS eta Bilboko Koral Elkartea, eta María José Montiel eta María Espada sopranoak, Yaron Traub zuzendariarekin batera. Egitarauaren xehetasunak laster iragarriko dira.