Berriak

Bilbao 700 Fundazioak liburua atera du Bizkaiko Zubia diseinatu zuen Alberto Palacio arkitektoa gomutatzeko

Bilbao 700-III Millenium Fundazioak eta MUELLE DE URIBITARTE EDITORES etxeak batera egin dute lan, irakurzaletasuna sustatzeko eta XX. mendearen hasierako bilbotarrik garrantzitsuenetako bat oroimenera ekartzeko. Alberto de Palacio arkitektoa, Portugalete eta Areeta (Getxo) lotzen dituen Bizkaiko Zubiaren diseinatzailea..

Saran (Lapurdi) jaio zen 1856ko urtarrilaren 24an. Haurtzaroa sara eta Gordexola artean eman zuen, familiak Sandamendin zuen etxean. Karlistadan Palacio Elissague Carrion de los Condesera (Palentzia) abiatu zen eta, gerra amitu berritan, bere egoera ekonomiko sendoaz baliatuta, Bartzelonara joan zen aurrena Arkitektura Eskolan goi-mailako ikasketak egitera. Ondoren, Parisera. Han, “argiaren hiriaren” benetako ikurra den Eiffel dorrea diseinatu zuen Gustave Eiffel izen handiko ingeniari frantsesaren ikasle izan zen.

Alberto Palacio intelektual bizia eta bere asmoetan mugagabea zen; burdinazko arkitektura deritzonaren aitzindari handietako baten moduan sartu da historian. Betiereko lanak ere utzi dizkigu: Velazquezen Jauregia eta Madrileko Retiroko Kristalezko Jauregia, Atochako geltokia eta, guztien gainetik, Bizkaiko Zubia izeneko zubi esekia edo transbordadore-zubia. Zubi hori Gizateriaren Ondare izendatu zuen UNESCOk 2006. Tipologia horretako munduko lehenengo zubia izan zen eta oraindik jardunean dagoen bakanetakoa.

 Bizkaia Zubia

Gauzatu gabe geratu ziren diseinuak ere laga zituen: galeria urbano itzela, Milaneko Vittorio Emanuele II Galeria ezagunaren estilokoa. Itsasadarraren ibaibidearen zati bat estaliko zuen, Arriaga Antzokiaren ingurua eta Abando aldea lotzeko. 

Haren sormen emankorretik sortu ziren Bilborako saneamendua bideratzeko eta putzu artesiarrak egiteko proiektuak, airetiko lehenengo meatze-tranbia bagonetak modu automatikoan iraultzeko sistemarekin, ur-jauzien energiaren ustiapena, aire-nabigazioko proiektuak. Eguzki eta haize-energien ustiapenarekin egin zituen probak, baita marea-energiarekin ere. Alberto Palacio 1939ko maiatzaren 11n hil zen Getxon.

Liburuaren egilea

palacio-montalban-presentacion

Josu Montalban da “Alberto de Palacio. Un soñador de la arquitectura del hierro” liburuaren egilea. Bizkaitar idazle eta politikari ezaguna, 1952ko urriaren 11n jaioa Zallako Mendieta auzoan. Bere liburuan dioenez, “Cadagua ibaiaren utxinen eta udaberrian txirritxirriz betetako belardi zabaletan” eman zuen umezaroa. Estreinako ikasketak Zallako eskolan egin ostean, Zallako Maristen Ikastetxean eta Bilboko Eskolapioetan egin zuen batxilerra.

Gerora, medikuntza estudiatu zuen Bilbon. Garai hartan modu erdiprofesionalean jokatu zuen futbolean, Bizkaiko hirugarren eta bigarren B mailetako taldeetan.

PSE-EEko afiliatua, Josu Montalban 15 urtez izan da zinegotzi Zallako Udalean, baita Gizarte Ongizateko Foru Diputatu ere. Hirigintzako Foru Diputatu ere izan zen legealdi batean. Bizkaiko Batzar Nagusietan zortzi urtez ahaldun izan ondoren, aurreko legealdian Diputatuen Biltzarreko Parlamentuko talde sozialistako kide izan zen. 

BILBAINOS RECUPERADOS bilduma honen barruan, Josu Montalbanek ‘El Doctor Areilza. Médico de los mineros’ monografia argitaratu zuen 2008an. Enrique Areilzaren bizitzari eta obrari buruzkoa da; izan ere, aitzindaria izan baitzen gizarte-medikuntzaren arloan eta Bizkaiko XX. mendearen amaierako eta XX.aren hasierako sanitate-azpiegiturarik garrantzitsuenen bultzatzaile nagusia, Trianoko Meatze Ospitalearena eta Basurtuko eta Gorlizeko ospitaleena, berbarako.