Berriak

Bilbao 700-ek “Berreskuratutako Bilbotarrak” Bildumako hiru liburu berri argitaratu ditu

Juan Mari Aburto Bilboko Alkate eta Bilbao 700-III Millenium Fundazioko Presidenteak Nicolas Maria de Urgoiti ingeniari eta ekintzaileari, Pilar de Zubiaurre intelektual eta margolarien arrebari eta Aurelio Arteta bilbotar artista handiari eskainitako hiru liburu aurkeztu ditu gaur, duela hamar urte Bilboko historiako pertsonaiarik garrantzitsuenak eta ezezagunak gogorarazteko abiarazi zen “Berreskuratutako Bilbotarrak” bilduma handitu eta osatzeko.

Ekitaldia Bilboko Udaletxeko Arabiar Aretoan egin da Josune Ariztondo Bilbao 700-III Millenium Fundazioko Zuzendariaren parte-hartzeaz eta liburuen egileak bertan zirela: Elena Sierra eta Miriam Alzuri, Nicolas Maria de Urgoiti eta Pilar de Zubiaurre pertsonaia historikoen biografien egileak, hurrenez hurren; eta Jose Fernandez de la Sota, Aurelio Artetari buruzko monografiaren idazlea.

Bilbao 700-III Millenium Fundazioak, Muelle de Uribitarte Editores argitaletxearekin elkarlanean argitaratutako “Berreskuratutako Bilbotarrak” bildumaren hiru ale hauek egileen ahotik aurkeztu ostean, Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea bertara joandakoei zuzendu zaie: Bilboko gizartea, gizon-emakumeen etengabeko konpromisoaren emaitza da, gure Hiria leku hobe bat bihurtzeko, Bilbo aurreratuago eta kultuago bat eraikitzeko, eta gure kultura munduan zehar zabaltzeko ahaleginaren ondorioa.

Alkateak adierazi duenez, “Bilbo, jendeak nahi duena da, izan da eta izango da; herritarrek, bilbotar anonimoek nahiz garai batean edota bertako edo munduko historian protagonismo handia lortu duten bilbotar ospetsuek erabakitakoa”. Era berean, Alzuri, Sierra eta Fernandez de la Sota idazleei Bilboren iragana ezagutzeko egindako ekarpena eskertu die: “Zuen liburuei esker, hobeto ulertu ahal izango dugu nor garen; eta hobeto ulertu ahal izango ditugu etorkizuneko erronkei aurre egiteko gakoak”.

bilbainos-recuperados-bilbao700

PILAR DE ZUBIAURRE. En la penumbra familiar

Miriam Alzuri historiagileak (Niquero, Kuba, 1964) “Pilar de Zubiaurre. En la penumbra familiar” izenburupeko liburuan, Pilar de Zubiaurreren alderdi ugariko pertsonalitate konplexua jorratzen du. Garai herrian 1884an jaio zen eta Mexikon hil, 1970ean. Valentin eta Ramon Zubiaurre margolarien arreba eta Ricardo Gutierrez Abascal arte-kritikoaren emaztea zen. Azken honek bere artikuluak Juan de la Encina goitizenarekin sinatzen zituen.

Musikako eta deklamazioko ikasketa zabalak zituen, marrazkilari gisa trebea zen, kezka intelektual handia zeukan eta frantsesa oso ondo ezagutzen zuen. Pilar de Zubiaurre arte eta literaturaren bidea hartzeko prest zegoen, baina bere ondokoen “ospeak” eta garaiko aurreiritzi burgesek eragotzi zuten, historian emakume askok jasandako agerikotasunik ezarekin zigortuta.

Liburu honen egileak, 2013an, “Berreskuratutako Bilbotarrak” izenburupeko bilduma honetan, Pilar de Zubiaurreren senarraren biografia argitaratu zuen, “Juan de la Encina. Una trama para el arte vasco” izenburupean.

NICOLAS MARÍA DE URGOITI. Castillos de papel

Elena Sierra kazetariak (Bilbo, 1978) Nicolas Maria de Urgoiti bideetako ingeniari eta enpresa-sustatzailearen figura berreskuratu du. Madrilen 1869an jaio zen eta hiri berean hil, 1951ean.

Urgoiti, euskal sentimendu errepublikazale sakona zuen eta hainbat kausa babestu zituen: emakumeen bozkatzeko eskubidea, Kataluniako autonomia, gizarte-justizia, gurtza-askatasuna eta irakaskuntza aldaketaren nahiz etorkizunaren eragile gisa.

Ibilbide profesionala Bizkaiko Zalla herriko papergintzako fabrikan eta La Papelera Española sortu zuen. Halaber, hedabideetako hainbat ekimen eratu zituen, besteak beste: El Sol eta La Voz egunkariak; Febus albiste-agentzia; Sociedad de Prensa Gráfica –La Esfera, Mundo Gráfico eta Nuevo Mundo egunkariak argitaratzen zituena– eta CALPE argitaletxea.

Urgoiti Jose Ortega y Gasset filosofoaren adiskide mina zen eta, hurrekoenen artean, zientzia, literatura eta politika garaikideko izen handiak zeuden, esate baterako, Manuel Azaña, Frances Cambo, Ramon Gomez de la Serna, Ramon Menendez Pidal, Azorin edo Ramon y Cajal.

 AURELIO ARTETA. Los trabajos y los días

Bestetik, Jose Fernandez de la Sotak (Bilbo, 1960) Aurelio Arteta bilbotar artista handiaren bizitza eta obra gogora ekartzen dizkigu, beharbada “pinturako euskal eskola” delakoaren pertsonaia garrantzitsuena.

1879an jaio zen, Bilboko bihotzean dagoen Askao kalean eta haren heriotza 1940an gertatu zen, Mexikoko exilioan. Arteta XX. mendearen hasierako egunerokotasunaren kontalaritzat hartzen dute: Landa-giroko baserritar eta arrantzaleen eszenak; erromeriak; eta meatzetako, trenbideko eta industriako lanaren gogortasuna zein Bilbo inguruko langile auzoetako bizi-baldintza latzak islatzen duten koadro eta freskoak.

Artetak artista gisa emandako lehenengo pausuak Bilboko Arte eta Ofizioen Eskolan eta Madrilgo Real Academia de Bellas Artes de San Fernando delako ikastetxean egin zituen. 1902an Aldundiaren beka jaso zuen Parisera joateko. Bertan, pintura inpresionistaren eragina jaso zuen, Gauguin eta Toulouse-Lautrec egileen bitartez. Italiara joatearekin batera, Artetak Italiar Berpizkundea ezagutu zuen.

“Berreskuratutako Bilbotarrak” bilduma beraren barruan, Fernandez de la Sotak, 2009an, “Juan Larrea. Versión Terrestre” izenburupeko liburua argitaratu zuen.