Berriak

Astelehenean, apirilak 3, hasiko da Bilbao Arte Sakratua (BAS) La Ritirata taldearen kontzertuarekin

 

 

Astelehenean, apirilak 3 Bilbao Arte Sakratua (BAS) hasiko da apirilaren 8ra bitartean Gizakunde elizan eta Bilboko Eliz Museoan. Asteleheneko kontzertuan, interpretazio historikoan espezializatuta dagoen eta Barroko, Klasizismo eta lehen Erromantizismoko errepertorioak berriro deskubritzen dituen La Ritirata taldea arituko da, Josetxu Obregon-en zuzendaritzapean. Eugenia Boix sopranoa ere La Ritirata taldearekin batera izango da BAS-eko lehenengo kontzertu honetan.

BASen edizio honetan eskaintzen den programa arte sakratuarekin edo musika barrokoarekin erlazionatutako kontzertu edo ikuskizunetatik harago doa. Bilbao 700 Fundazioak parte-hartzaileekin esperientzia eta sentsazio positibo ahaztezinen bidez elkarregintzan jarduteko prestatutako kontzertuak eta ikuskizunak aurkeztuko ditu. Eszenatokia bera zikloaren beste protagonista bat da; izan ere, Gizakunde elizak eta Bilboko Eliz Museoak Atxurin osatzen duten monumentu-multzoa uriaren hasierako oinarriak izan zireneko kokaleku historikoan dago. 

2017ko BAS zikloan hauexek egongo dira: kontzertu barrokoak, musikaren historiako obra batzuk berreskuratuta; ikuskizunak eta antzezpenak; musika a capella; eta ziklo honetarako beren-beregi prestatutako eszenografia eta apaingarriak. Ikusle guztientzat da aproposa 2017ko Bilbao Arte Sakratua. 

Bost ikuskizun programatu dira, sei egunetan emateko. Hauexek egongo dira zikloan: La Ritirata kontzertua, Nordic Voicesek eskainitako musika a capella, Nao d’Amoresen Misterio del Cristo de los Gascones ikuskizuna, Bilbao 700 Fundazioaren ‘Maitasunez eta Argiz’ produkzioa, Bilboko Eliz Museoko klaustroan izango diren komentu-eszenak eta Iter Luminis zeremonia musikal eta poetikoa. Azken honen zuzendaria Lídia Pujol da eta Jabier Muguruza eta Leioako Doniene abesbatza laguntzaile izan ditu.