Berriak

Alberto Arteta Trio arituko da Bilboko Hesperia Hotelean azaroaren 6an eta 7an

Azaroaren 6an (barikua) eta 7an (zapatua), 23:00etan hasita, kontzertu bana emango du Alberto Arteta trioak. Hirukoteko kideak Alberto Arteta, Juan Manuel Urriza eta Kike Arza dira. Ezaugarririk nabarmenena euskarri harmoniko gisa funtziona dezan instrumenturik ez edukitzea da. Harmoniaren aldetik euskarririk ez edukitze horrek ahalbidetzen dio hirukoteari harmoniaren eta erritmoaren gainetik hegaz egitea eta horrela giro eta sentsazio konplexuak sortzea. Tinbrearen eta harmoniaren aldetik askatasuna lantzen dute taldearen gaietan nortasun handiko ahots bik: kontrabaxuak eta saxofoi tenorrak. Gainera, horrela, bat-batekotasuna eta taldekideen arteko interakzioa lantzeko aitzakia ere badute.

Alberto Arteta (saxoa) + Juanma Urriza (bateria) + Kike Arza (kontrabaxua). 23:00etan. (Tragoa hartu behar da kontzertua entzuteko).

Alberto Arteta gaztea den arren, proiekziorik handiena duten eta eskaera gehien jasotzen duten hemengo musikarien artean dago. Jazzeko ikasketak Pablo Sarasate Goi-mailako Musika Kontserbatorioan hasi zituen eta han goi-mailako ikasketak ohorezko matrikularekin eta haren urteko ikasleen artetik ikasle onenari emandako ikasturtearen amaierako sariarekin amaitu zituen. 2014an BAT grabatu zuen, ‘Alberto Arteta Group’ taldearekin egindako lehen diskoa. Hamaika lan diskografikotan parte hartu du. Horietatik hauek aipagarrienak: Mauro Urriza Group taldearekin Blues for Oteiza (2014); Kike Arza Quintet taldearekin Currículum (2013); Max Canaldarekin Punjab (2013); Anautekin 140 (2012) eta Broken Brothers Brass Band taldearekin In the mud (2014).

Gaur egun, Arteta musikaria izateaz gain, jazzeko saxofoiko irakaslea da Nafarroako Goi-mailako Musika Kontserbatorioan eta proiektu askotan kolaborazioak egiten ditu; hala nola, Jean Marie Ecay Quartet, Jazzy Leap band, The Broken Brothers Brass Band, Pirineos Jazz Orchestra, Ulrich Calvo Group eta Jorge Garrido triorekin. Eta talde horietako askorekin zenbait disko grabatu ditu.

Juanma Urriza Razquin ‘Boli’. Bateria-jotzaile hau Musikene Euskal Herriko Goi-mailako Musika Kontserbatorioan jazzeko goi-mailako graduan lizentziatu zen. Askotarako musikari malgua da pop-rocketik hasi eta skatik pasatuta jazzeraino eta bluseraino heltzen dena, tartean flamenkoa dagoela. Juanma Urriza jaso duen prestakuntzagatik jazzeko musikaria da. Artista askorekin jotzearen emaitza da duen soinu energikoa eta bere-berea duen estilo bitxia. Izen oneko jaialdi askotan aritu da; hala nola, Donostiako jazzaldian, Gasteiz, Oviedo, Zarautz, Santander, Parla, Kanariar Uharteetako jaialdian, Getxoko Folk Jaialdian, Hondarribia blues Festival, Gurten-Festival eta beste askotan… Artista askorekin kolaboratu du; besteak beste, Ara Mailikian, Kepa Junkera, Bob Sands, Guillermo Klein, Iñaki Salvador, Mikel Andueza eta Andrej Olejniczakekin… Gaur egun ‘freelance’ diharu eta irakasle ere ari da. Bateria-jazzeko eskolak ematen ditu Nafarroako Goi-mailako Musika Kontserbatorioan. Jazz-jaialdirik onenetan ere jo du; hala nola, Donostiako jazzaldian, Getxokoan, Sonorama festival eta Girona Blus Festivalen.

Kike Arza ohorezko matrikularekin lizentziatu zen jazzeko baxu elektrikoan eta jazzeko kontrabaxuan, Musikene Euskal Herriko Goi-mailako Musika Kontserbatorioan. Kike Arzak gaur egun musikari dihardu eta horrekin batera irakasle ari da, kontrabaxu, baxu elektriko, eta konboetako eskolak ematen dituela Zabalza Jazzeko eta Musika Modernoko Eskolan. Arzak zenbait taldetan kolaboratu du eta jazz-jaialdi askotan jo du; hala nola, lviv, Donostia, Gasteiz, Getxo, Terrassa eta Zarautzeko Nazioarteko Jaialdian. Gainera, nazio eta nazioarte-mailan izen ona duten musikari askorekin jo du, hala nola,  Iñaki Salvador, Mikel Andueza, Carmen Canela, Chris Kase, Joe Krause, Jorge Rossy, Aaron Goldberg eta Guillermo Kleinekin. 2012an, ‘Impulso BBK’ saria eskuratu zuen bera liderra zuen ‘Kike Arza Quinteto’ taldearekin. Lan diskografiko askotan eta zenbait soinu bandatan parte hartu izana ere aipatu behar da.

‘365 JAZZ BILBAO’ zikloaren barruan, Bilbao 700 Fundazioak jazz musikako programazio egonkorra NH Villa de Bilbao, Hesperia Bilbao eta Silken Indautxu hoteletara zabaldu du. Kontzertuak bariku eta zapatu gauetan eta dohainik izaten dira; tragoa hartzea nahikoa izango da kontzertuaz gozatzeko.

INFORMAZIO GEHIAGO HEMEN >